GARA > Idatzia > Euskal Herria

Uholdeei aurre egiteko neurriak hartuko ditu Donostiako Udalak

GARA | DONOSTIA

Uholdeei aurre egiteko planak aztertu eta hobetuko dituela adierazi zuen atzo Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek, bide batez joan den asteburuan eragindako kalteak konpontzeko 500.000 euro erabiliko dituztela iragarri zuelarik.

«Arretarik jaso ez duen lagun bakar bat badago, porrota da guretzat», esan zuen Izagirrek, eta larrialdiei erantzuteko udal planak hobetuko dituztela gaineratu zuen jarraian.

Alkateak azaldu zuenez, une hauetan 30 lagunek ezin dute euren etxeetara itzuli, eta Udalak etxebizitza bat utziko die egoera konpondu bitartean. Talde batek hilabete bat edo bi ere eman beharko ditu Udalak utzitako bizitokian, uholdeek eragindako kalteak guztiz oneratu bitartean. Uholdeak gertatu aurretik Txomin auzoan eraistekoak ziren etxeetan bizi zirenak, berriz, hiruzpalau hilabete egongo dira Udalaren etxeetan behin betiko konponbidea erabaki arte.

Horrekin batera, jada zerbitzuan dagoen Martuteneko udal bulegoaz gain, beste bat ere jarriko dute martxan Txominen. Bertan, Udalinfoko eta Gizarte Zerbitzuetako langileez gain, hirigintza arloko teknikaria eta aholkulari juridikoa izango dira, batez ere asegururik ez duten auzokideak laguntzeko.

Bestalde, adierazpen instituzionala bozkatuko dute hurrengo osoko bilkuran beste erakundeei Urumea ibaiaren arazoei aurre egiteko plan bat abian jartzeko eskatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo