GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

HEINEKEN KOPA Lehen jardunaldia

Ligan ematen ari den itxura aldatu beharko du Biarritzek Europan zerbait handia egin nahi baldin badu

J.L.

Lehiaketa berri bat hasten denean, ilusioa izaten da beti, baina Biarritzen zalantzak gehiago dira. Taldea erabat okertuta dabil, nora ezean, eta Ligako sailkapeneko azkeneko postuan dago, partida bakar bat irabazita.

Gaur, Heineken Kopa hasiko du, Europako lehiaketarik garrantzitsuena. Serge Blancok, taldeko nagusiak, Ligan eta Europan finalerdietan izan nahi zutela esan zuen taldea aurkeztu zutenean. Garbi dago Ligako helburuak mailari eustea izan beharko duela, eta orain Europan agindutakoa betetzea falta zaie jokalari zuri-gorriei.

Lapurtarrak Ospreys taldearen zelaian arituko dira 16.40etik aurrera. Normalean euskaldunak faborito izango ziren, baina Ligako norabidea ikusita, zalantzak daude horren inguruan. Berez, Saracens izango litzateke lapurtarren aurkaririk gogorrena, baina gauzak dauden bezala edozer gerta daiteke. Treviso italiarra da multzoko laugarren taldea.

Ligaxka laburretan garrantzitsua izaten da irabazten hastea, eta Biarritzek denboraldiko bigarren garaipena lortu beharko luke gaur. Horretarako, ordea, orain arteko jokoari aldaketa handia eman beharko dio. Mundialisten itzulerak gauzak hobetzeko balio izatea espero dute Biarritz taldeko zaleek.

Amlin Challengen, Aviron kanpoan arituko da gaur 16.00etatik aurrera Vea Rovigoren zelaian. Lehiaketa honek ez dauka Heineken Kopak duen garrantzia, eta entrenatzaileek minuturik gutxien jokatu dituzten jokalariei aukerak emateko baliatzen dute askotan. Hala ere, Avironek garbi utzi du beraien helburua, gutxienez, final-laurdenetara heltzea dela, eta horren bila abiatuko direla.

Bestetik, jadanik ia ofiziala zena, atzo baieztatu zuen Biarritzek. Zuri-gorriek eta Avironek jokatu beharreko derbia azaroaren 29an jokatuko da, baina Agileran, eta ez Donostian. Pasa den astean Anoetan zen jokatzekoa, baina atzeratu egin zuten birus bat saihestu nahirik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo