Bilbon bizitako «gau magikoa» betikotu du Mikel Urdangarinek
Iazko abenduaren 30ean Bilboko Kafe Antzokian eskainitako kontzertuarekin zuzeneko disko bikoitza osatu du Mikel Urdangarinek. Hamabost urtetako 28 kantu biltzen ditu eta gaur Balmasedan aurkeztuko ditu.Ane ARRUTI | BILBO
«Hasi eta bukatu», 2010. urtea azkenetan zen gau hartan eskainitako kontzertua oso-osorik bildu du Mikel Urdangarin zornotzarrak «Zuzenean. 2010/12/30» disko bikoitzean. «Gau hartakoa kontzertu zoragarria izan zen, hasi eta bukatu, magikoa. Entzuleen babesa jaso nuen», azaldu zuen atzo. «Egun bat neukan, karta bakarra, eta ezin hobeto atera zen».
Musikariak berak aitortu zuenez, ez zuen berehalakoan espero duela hamabost urte gitarra batekin hasi zenean zuzenekorik grabatzera iristea. «Beti eduki dut ilusio hori, musikan aritzea, kantuan, eta gogo edo desira bat izan dut beti: zuzenekoa grabatzea. Amets txikitxo hori modu ederrenean bete dugu».
Bi ordu eta erdiz aritu zen Urdangarin gau hartan. 28 kantu izan ziren guztira; «Haitzetan» bere lehenengo diskotik hasi eta «Zubiak» hamargarreneraino, bertsio bereziak tarteko: «Wonderful life», «Baratze bat» eta «Martxa baten lehen notak». «Urteak dira kantu batzuk kantatzen ditudala eta oraindik aspertu gabe. Kantu batzuei bizitza amaitzen zaie, baina hauek bizirik daude nire artean», esan zuen.
Bi zati ezberdin nabarmentzen dira diskoan. Bata, «pentsatuago, jantziago, landuago dago», aitortu zuen musikariak. Lehenengo ordu eta erdiari dagokio tarte hori. Ondoren, bisak etorri ziren, «desordenatuago joan zen, libreago, estasi txiki bat ere igartzen da. Egia esan ez genuen espero hain luze joatea gaua, eta inprobisatu egin genuen». Hein horretan, «nahiz eta giroa bero egon, isiltasun eta burrunba» asko nahasten dira. Emaitza Mikel Urdangarin bera da, bere gordinean, «nire inperfekzioekin eta baita nire momentu onekin ere».
Talde soinua
Urdangarinek adierazi zuenez, disko honen helburuetako bat «azken urteetan ustez lortu genuen talde soinua grabatzea zen». Batasun horren parte dira Bingen Mendizabal (zazpi hariko biolina), Nika Bitchiasvili (biolina), Rafa Rueda (gitarra elektrikoa), Sahiela Gazmaier (bateria) eta Koldo Uriarte (teklatuak eta melodikoa). «Neu naiz lemazain, baina hauek gabe ezin inora iritsi», esan zuen Urdangarinek. Kontzertuan Josu Zabalaren trikitia ere izan zuten lagun.
Ekoizpen artistikoaz Mikel F. Krutzaga arduratu da, Grec Calvik egin du masterizazioa New Yorkeko Sterling Sound estudioetan, baita Krutzagak ere Musikart estudioetan.
Aurkezpen bira gaur bertan hasiko du Balmasedako Klaret antzokian. Abenduan, berriz, 13an Donostiako Fnac-en, 16an Bilboko Fnac-en, 23an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eta, hasitako toki berean eta egun berean, abenduaren 30ean, Bilboko Kafe Antzokian izango da.