GARA > Idatzia > Ekonomia

Fertiladour: ikerketa epidemiologiko bat egitea eskatu dute elkarteek

Ainize BUTRON | BAIONA

Bokaleko Fertiladour lantegiko erradioaktibitateari buruz Segurtasun Nuklearraren Erakundeak (ASN) berrikitan kaleratu azterketen emaitzak txalotu zituen atzo CADE kolektiboak. «Hamalau urtez erraten aritu garena baieztatu du ikerketak», nabarmendu zuen Victor Pachon ingurumenaren alde jarduten duten elkarteen kolektiboko ordezkariak.

Txostenean, izan ere, argi geratzen da batetik, Agriva-Fertiladour lantegiak oso arinki egin zuela kutsadura kentzeko lana; bestetik, eremu guztia berriz ere garbitzeko eskatzen duela ASNk. Bi erabaki horiek baikortasunez baloratu ditu Pachonek.

Baionako portuko eremuan zegoen lantegia 2006an itxi zuten, eta 7,5 hektareako eremuan lurzorua kutsatuta dagoenez, jabeek ezingo dute bere horretan saldu.

Halere, afera honetan langileei eta Bokaleko auzokideei begira ez dela deus egin gogorarazi ostean, berriz ere ikerketa epidemiologikoa egiteko eskatu zuten. Lantegia 1970ean hasi zen bere jardueran monazita minerala birrintzen -horrek eragin du erradioaktibitatea-, eta 1992ra arte iraun zuen.

Lekukotasunen bila

«1992an jarduera hori bukatu zen, baina langileek 2006ra arte jarraitu zuten eremu kutsatu horretan lan egiten», adierazi zuen, atzo, Ramuntxo Garbizu langileen sostengu taldeko kideak. Afera honetan, enpresariak «gezurrak» errateaz gain, jarrera arduragabea izan duela adierazi zuen Garbizuk.

Berrehun bat langile aritu dira lanean Fertiladourren baina enpresaren arduradunen aldetik informaziorik lortzen ez dutenez, deialdi bat zabaldu zieten langileei, gertatutako guztia argitzeko beren lekukotasuna eman dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo