GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Zifrek esaten ez dutena

Isil-isilean, zarata handirik egin gabe, baina oihu ozenenen sakontasun berberaz hezurretara ere sartzen dena. Ez dakit ziur noiz sentitu nuen lehendabizikoz zirrara hori; seguru asko, behin baino gehiagotan sumatuko nuen, benetan zer zen jakin ere egin gabe, modu inkontzientean. Egun batean, baina, muturraren aurrean jarri zitzaidan beldurra sentitzearen beldurra. Orduan utzi zioten barregarriak izan nahi zuten hitz eta jarrera askok barregarri izateari; orduan jabetu nintzen kalea ez zela tamaina berekoa guztientzat. Orduan konturatu nintzen ordura arte oharkabeko egin zitzaizkidan makina bat kontuz; eta zenbat eta gehiago konturatu, orduan eta konturatzeko gauza gehiago jarri zitzaizkidan parean.

Ostiral honetan Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatuko dugu, eta tamalez, berriz ere makina bat zenbaki zirraragarri gogoraraziko dizkigute aste honetan zehar: hilketak, erasoak, salaketak... Guztiak larriak eta kontuan hartzekoak izanagatik ere, horiek ez dute askoren egunerokoa marrazteko balio, ez dute norbanako askok hainbatetan sentitzen dugun beldurra edo lotura adierazten, ez dute gauean bakarrik goazenean eztarrian sortzen zaizun korapiloa deskribatzen, ez dute jai giroan trakets bertaratzen direnen hitzek eta jarrerek eragiten diguten amorrua adierazten. Ezin dute zifrek azaldu, guk geronek ere nekez azal baitezakegu hitzez sentipen trakets hori; geure burua babesten laguntzen duen, baina aldi berean, hura erabat lotzen duen zirrara.

Horri aurre egiteko ez dute soilik ohiko zigor neurriek balio, ez eta urruntze aginduek ere, hori ez baita hola eta hola urruntzen, ez behintzat isiltasunaren babesean mantentzen bada. Hitzez eta jarrerez baztertu behar dira inor lotzen duten hitz eta jarrera horiek; zerk amorratzen, lotzen eta zenbaitetan beldurtzen gaituen azaltzen hasi, lagunartean lehenik, auzoan eta herrian jarraitzeko. Aldi berean, begiak zabaltzen hasi, konturatzen; han begiratu, baina baita hemen ere. Beldurraren beldurrak lotu egiten du bat, bai; baina zer ez dugun nahi jabetzeak laguntzen digu, aldi berean, nahi dugun hori imajinatzen, zehazten eta lortzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo