GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Mendebaldeak ez du Egiptora begiratzen

Egiptoko Tahrir plaza, joan den otsaileko «iraultzaren» sinboloa, berriro ere protesta gune da egunotan. Protesta eta errepresio gune. Herenegun eta atzo Poliziaren oldarraldien ondorioz 30etik gora lagun hil eta ehunka zauritu utzi zituzten protestek, besteak beste, Batzorde Militarraren agintea amaitzea dute helburu, boterea agintari zibilen eskuetara pasa dadin, Mubaraken garaiko ustelkeria eta agintekeria berbera dagoela salatu baitute. Bitarteko Gobernuak dimisioa aurkeztu zuen igandean eta Egiptoko egoera gero eta kezkagarriagoa da, baina ez nazioarteko komunitatearen arreta erakartzeko adinakoa, nonbait. Mubarak boteretik kentzea ahalbidetu zuten herritarrak orain trantsizioa kudeatzeko ardura zuten militarren errepresioaren jomuga dira, eta egoera ez da Mubaraken erregimena amaitu aurretikoa baino hobea. Badirudi egiptoarrei iraultza ez zaiela Mendebaldeak dioen bezain eredugarri iruditzen. Nolanahi ere den, aldaketa abiatzeko arduradunen hautaketa ez dirudi onena izan zela. Atzo, Egiptoko Kultura ministroak dimisioa eman zuen errepresioaren aurkako protesta gisa, baina nazioarteko komunitateak -Libiako «errepresioa eragozteko» herrialde hori bonbardatzeko zalantzarik egin ez zuen eta Siriako errepresioa bukatzeko zigorrak eta presioa areagotu dituen berberak- ez du Egiptora begiratzeko motiborik sumatu ere egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo