Kopa
Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera gero eta gertuago dago
AUCH 0
AVIRON 1
Jon LEUNDA
Aviron Frantziako Kopako zortzigarren kanporaketan izango da, eta Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko ametsa gero eta gertuago dauka.
Kopan, garrantzitsuena aurrera egitea da, azken batean gaizki edo ongi jokatu, hemendik astebetera jendeak gogoan izango duen gauza bakarra sailkatu zen ala ez izango baita. Avironek ez zuen batere ongi jokatu Auchen zelaian; azkenaldiko partidarik eskasena egin zuela ere esan daiteke, baina garrantzitsuena lortu zuen eta une honetan hori da balio duen bakarra.
Ez da erraza kanporaketa partida batera jokatzea eta etxetik kanpo, nahiz eta aurkaria ahulagoa izan. Zuri-urdinek orain arte hiru kanporaketa jokatu behar izan dituzte, hirurak etxetik kanpo, beraiek baino ahulagoak diren taldeen aurka, eta denetan, doi-doi izan bada ere, aurrera egin dute.
Auch oso indartsu zelairatu zen, euskaldunak ezustean harrapatzeko asmoz, baina atzean ongi kokatu ziren, eta ez zuten aparteko larrialdirik izan. Bigarren zatian, berehala heldu zen gola, etxekoek beren atean sartu baitzuten. Hortik aurrera Auch saiatu zen zerbait egiten, baina Avironek ongi kokatuta jarraitzen zuen, eta eustea nahikoa izan zuen. Orain, zozketan zuri-urdinek zorte apur bat behar dute, beste kanporaketa bat ere gainditu eta Lehen Mailako talde baten aurka jokatu ahal izateko.