GARA > Idatzia > Mundua

Kosovok eta Serbiak harremanak hobetzeko elkarrizketari berrekin diote

Kosovok eta Serbiak elkarrizketa berrabiarazi zuten atzo, harremanak hobetu nahian. Joan den abuztuan, Brnjak-eko eta Jarinje-ko mugetan izan ziren liskarrek bi herrialdeen arteko tentsioa handitu zuten. Belgradek ez du oraindik Kosovoren independentzia aitortu.

GARA | BRUSELAS

Kosovok eta Serbiak elkarrizketak hasi zituzten atzo Bruselan, harremanak normaltzeko. Duela bi hilabete eten zuten elkarrizketa Brnjakeko eta Jarinjeko mugetan izan ziren liskarren ondoren. Mahai gainean gai korapilatsuak izan zituzten: Kosovoko eremu osoan zehar mugitzeko askatasuna; elkarri ezarri dioten merkataritza-blokeoa bertan behera uztea; hainbat gairi dagokionez elkarkidetza bultzatzea (energia, telekomunikazioa,...); eta Kosovoren parte hartzea eskualdeko gailurretan. Belgradek Kosovoren independentzia aitortu ez duenez, ez zuen begi onez ikusi udan Pristinak iparraldeko Brnjak eta Jarinjeko mugetara, Europar Batasuneko misio batekin batera, segurtasun indar kosovoarrak eta aduana-poliziak bidali izana. Kosovoko inguru horretan biztanle gehienak serbiarrak dira. Protesta gisa, barrikadak egin zituzten mugarako errepideetan EBko misioari eta polizia kosovoarrari bidea mozteko.

Bruselak elkarrizketari berriro heltzeko presioa egin dio Belgraderi. Izan ere, abenduaren 9an erabaki behar du Europar Batasunak Serbiaren hautagaitza onartzen duen ala ez. Estatu frantseseko Atzerri ministro Alain Juppek aitortu zuenez, oraindik ez dute Serbiaren hautagaitzaren gaineko adostasunik lortu.

Belgraderi ipini dizkioten baldintzetako bi Kosovorekin elkarrizketa berrabiatzea eta mugen arazoari amaiera ematea dira.

Hartara, Bruselak proposamen bat egin zien bi aldeei. Iturri diplomatiko batek azaldu zuenez, mugakide diren iparraldeko herrietan Kosovo eta Serbiako poliziek EBko misioarekin batera zaintza lanetan aritzea proposatu zien. «Azken asteetako eztabidaren ostean, badirudi ados daudela. Ikusi beharko da zer gertatzen den», esan zuen.

Desadostasunak

Kosovoren independentzia aitortzen ez duenez, Kosovorekin batera eskualdeko gailurretan esku hartzeari uko egin dio eta ez ditu Pristinako Unibertsitateko ikasketa tituluak aintzatesten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo