Hitzaldi sorta, Barandiaranen ondarea eguneratzeko
GARA | DONOSTIA
Joxemiel Barandiaran (Ataun, 1889-1991) zendu zenetik hogei urtera, haren izena daraman fundazioak hitzaldi sorta bat antolatu du «Ataungo jakintsuak utzitako ondare intelektuala eta gizatiarra eguneratzeko» helburuarekin. Zehaztu dutenez, ekimen honetan hiru alderdi nabarmenduko dituzte: Barandiaranen ibilbide pertsonala eta bizi-jarrera, haren ondoko euskal antropologia eta XX. mendeko zientziaren eta erlijio-fedearen arteko lotura. Saio bakoitza hasi baino lehen, hamabost minutuko bideo bat proiektatuko dute eta hizlari lanetan Jesus Altuna arkeologoa, Concepcion de la Rua antropologoa eta Joxe Arregi teologoa arituko dira.
Gaur ekingo diete hitzaldiei, antropologo handiaren herrian, Ataunen. 19.00etan da hitzordua, Herri Antzokian. Etzi, berriz, Iruñeko Kondestablearen Jauregian egingo dute ekitaldia, ordu berean. Datorren astelehenean, hilak 28, Gasteizko Bibat museoan izango dira, 19.30ean, eta azaroaren 30ean, 18.30ean, Bilboko Foru Liburutegian. Bukatzeko, abenduaren 1ean, Donostiako Koldo Mitxelenan izango da euskal antropologian lan itzela egin zuen gizonari buruzko hitzaldia, 19.30ean hasita.