GARA > Idatzia > Kultura

Kalakan hirukoteak bideoklip berria sarean jarri eta kontzertu bira hasi du

GARA | BAIONA

Baionako merkataritza portua eta Euskal Herri bukolikoa elkartuz bideoklip berria jarri du sarean Kalakan hirukoteak. Hendaiako Baxter & Rojos United enpresak jarri dizkio irudiak «Kantuz» abestiari. Kalakanen bertsioan ahotsak eta txalaparta dira ohoratzen, eta errealizadoreek ikus-entzunezkoan kantuan nabarmentzen dena azpimarratzen dute bisualki. Horrenbestez, egurra oinarri duen txalapartak eta Baionako portuko enbor metek dute bideoaren atrezzoa osatzen. Bestalde, danbor eta txalapartarekin batera, Xan Errotabehere, Jamixel Bereau eta Thierry Biscary Ttirritt dira protagonistak.

Kalakan.fr

Kalakan.fr eta YouTube Interneteko atarietan ikusgai dago jada bideoklip berria. Aldi berean, Katia eta Marielle Labeque ahizpekin egin duten «Ravelen boleroa» ere ikusten ahal da sarean. Ikusgarri horri loturik, Europan gaindi kontzertuak ematen ibiliko dira.

Aldi berean, 2012ko bira prestatzen ari dira. Jadanik abendurako Euskal Herrian eta urtarrilerako Europan zehar hainbat hitzordu finkatuta dituzte. Abenduak 20an Bilbon egonen dira, 22an Urruñan eta 23an Ezpeletan.

Urtarrilean estatuz estatu ibiliko dira euskaldunak. Hala, 10ean Pisan izanen dira, eta, horren ostean, La Ravoiren. Estatu frantsesera eginen dute salto, Lyonera hain zuzen ere, hilaren 30erako Bartzelonan egoteko gero. Bordeleko Trois Quatre eta Donostiako Txalap'art kontratazio enpresekin hitzordu horiek ugaritzeko asmoa agertu dute.

Egitasmoz beterik dute etorkizuna musikariek; izan ere, bestelako proiektuetan ere badabiltza. Errotabeherek Izarrak taldearen disko berrian hartuko du parte. Jamixel Bereau eta Thierry Biscary Maddi Oihenartekin batera entseatzen hasi dira, Angelique Fulin maisuaren zuzendaritzapean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo