Haria eten ez, baina bestelako korapiloa egin dio Berri Txarrak-ek
Ross Robinson ekoizlearekin batera, Kalifornian grabatu du Berri Txarrak taldeak «Haria» zazpigarren diskoa. Aurrez landu gabeko generoak bildu dituzte «sentimenduen epika» nagusi den hamabi kantutan. Inprobisazioari bide eman eta «geruzekin» jantzi dute diskoa; «ahotsen melodian badu pop kutsu bat, baina azpitik bada itsaso zikin uher bat».
Ane ARRUTI | BILBO
Hamazazpi urteko ibilbidea osatu du Berri Txarrak taldeak. Bide horretan aldaketa mordoa jasan ditu, baina lehenengo maketatik azkenengo «Payola» (2009) lanera arte, «haria ez da eten», eta azken urte hauetan Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirrek osatzen duten hirukotetik sortu da «Haria» zazpigarren lana, orain arteko ibilbidea biribiltzen duena. Disko ezberdina da, esperimentalagoa, geruzaz josia, melodietan pop kutsukoa eta azpitik instrumentalki duen «itsaso zikin uher» horren gainetik hegan egiten duena. «Aurrekoarekin konparazioa erraza da; `Payola' analogikoan grabatu genuen, hirukotea bere horretan, oso gordina. Oraingoan bolante-kolpe bat eman dugu», esan zuen Gorka Urbizu abeslari, gitarra-jotzaile eta taldearen sortzaileak.
Aldaketa horren «errudun» izan da Ross Robinson (Slipknot, The Cure, At The Drive-In...) ekoizle estatubatuar entzutetsua, Venicen (Kalifornia) grabaketak iraun duen bi hilabetean «laugarren taldekide» bihurtu dena. «Lehenengo aldia da ekoizle batekin lan egiten dugula, eta bere merituetako bat bada taldea motibatu eta limitera eraman izana», azaldu zuen Urbizuk. «Musikalki aurrerapauso handia izan da, orain arte ukitu gabeko generoak landu ditugu. Rossek ez ditu gehiegi aldatu, baina bakoitza gure mugetaraino eraman gaitu, barruan genuen dena atera eta esperimentatzera animatu gaitu», gaineratu zuen. «Hartutako arrisku bat izan da. Ez da erraza pertsona arrotz bat zure kantuetan sartzen uztea», azaldu zuen Gonzalez baxu-jotzaileak. «Gauzak beste modu batera egin daitezkeela erakutsi digu», erantsi zuen Izagirre bateria-jotzaileak.
«Sentimenduen epika»
Diskoaren aurkezpenean, Gotzon Barandiaran izan zuten atzo lagun. Bere esanetan, «sentimenduen epika», ageri da diskoan, «ez irabazlearena, ez galtzailearena, ez heroiarena, ez gorrotatuarena». Eta epika hori musikalki ere nabarmentzen da, Urbizuk argitu zuenez, batez ere «Iraila» eta «Makuluak» kantuen bukaeretan. Hitzetan ere musikarekiko koherentzia mantentzen saiatu dira. «Aurrera egite hori errepikatzen da, musikarekiko miresmena, ihesa ere bai batzuetan... Hausnarketarako kantuak egiten saiatzen gara», esan zuen Urbizuk.
Zentzu horretan, Robinsonek euskararekiko azaldutako interesa aipatu zuten. «Uste genuen betikoa esango zigula: `oso onak zarete, baina zergatik ez duzue ingelesez kantatzen?', eta justu kontrakoa izan da. Euskara eta Euskal Herriaren inguruan saltseatzen hasi zen eta deigarria egin zitzaion», aitortu zuen Izagirrek.
Diskoaren azala Izagirrek Venicen ateratako argazki bat da. «Bertan bizi izan duguna ordezkatzen du nolabait. Izan dugun argia, baita diskoa bukaerara arte irekita egon izana, pertsona bat ageri da oreka mantenduz, tunel batetik aterako balitz bezala...».
Robinsonen lanaz gain, kolaborazio bat ere izan dute. Weezer eta The Rentals taldeko Matt Sharpek koruak egin ditu «FAQ» abestian.
Diskoa salgai dago dagoeneko, baina zuzenekoetan ez dira otsailera arte hasiko. Durangoko Azokan Ahotsenean izango dira, abenduaren 7an (asteazkena), 17.00etan. Solasaldia ere eskainiko dute «Haria» lanaren inguruan.