GARA > Idatzia > Kultura

Urgellek Sarrionandiaren familiari erantzunik eman gabe segitzen du

Euskadi Literatura sarien banaketa ekitaldia egingo dute bihar Gasteizen, eta Joseba Sarrionandiaren familiak nahiz Pamiela argitaletxeak ez dakite oraindik idazleak saria jasoko duen ala ez, Lakuako Kultura Sailari eskatutako adierazpen publikoa ez baitzaie oraindik iritsi. Bien bitartean, epaimahaiko bi kidek, epaimahaiburua tarteko, uko egin diote ekitaldira joateari, baita Lakuaren erabakia zuzendu ezean, sariotan aurrerantzean parte hartzeari ere.

p047_f01_97x148.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Oraindik Lakuak iritzia aldatuko duen itxaropenari eusten diote, baina bihar izango da Euskadi Literatura sarien banaketa ekitaldia Gasteizko Europa biltzar-etxean, eta ez dirudi Blanca Urgellek ez du epaimahaiak irabazle izendatutako Joseba Sarrionandiaren «Moroak gara behelaino artean?» (Pamiela) saiakera saritzeko asmorik duenik. Ez familiari, ez argitaletxeari, ez epaimahaiari ez dio hori adierazi behintzat.

Familiaren abokatuak Urgellekin izandako kontaktuetan, «eskari publikoa» egin ziotela gogorarazi zuen atzo Pello Elzaburu Pamielako editoreak. «Esandakoa zuzentzeko eskatzen diogu. Sari-ematea asteazkenean da eta gaur -atzo- da eguna oraindik zain gaudena. Ez dakigu Josebari saria eman behar dioten ala ez, bere osotasunean esan nahi dugu. Saria ez da bakarrik akta bat irakurri eta ikur bat ematea, badago alde ekonomikoa. Eta ez da diru kontua, printzipio kontua da. Familia ere horren zain dago eta ez dakigu ezer», azaldu zion GARAri kezkatuta. «Saria ematen baldin bada, eskerrak emateko prest dago familia edo egilea familiaren bitartez. Azken finean, saria ematea ez du Jaurlaritzak erabaki, baizik eta epaimahai batek. Eta epaimahai horri ere errespetua zor zaio».

Epaimahaiak ere, ordea, bere desadostasuna adierazi zuen atzo. Ainhoa Larrañaga epaimahaiburuak eta Josu Bijuesca kideak gutun irekia helarazi zioten Urgelli, ekitaldira joateari uko egiten ziotela adieraziz; «arrazoi sendoa baitut horretarako: nire desadostasuna erakustea Kultura Sailak aurtengo saiakera irabazlearekiko hartu duen erabakiarekin».

Bi sinatzaileek atzera egin dezala eskatzen diote Urgelli: «Abagune hau baliatu nahi nuke Kultura Sailaren erabakia zuzen dadila eskatzeko edota, horrelakorik gertatuko ez bada, nire izena epaimahaikoen zerrendatik kentzeko datozen deialdietarako. Halaber, irabazleari dagokion saria eskuratzen ez zaion bitartean, epaimahaiko zereginagatik dagokidan ordain sariari uko egiten diodala adierazi nahi dizut».

Asistentzia kolokan

«Ezin da jaso ematen ez den sari bat. Nola egiten da hori?», galdetu zuen atzo Elzaburuk. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu Gasteizen izango diren ala ez. «Hain absurdua izanik, oraindik pentsatzen dugu konpon litekeela. Jaurlaritzak konpondu behar du. Oso erraza dauka eta horren esperantzarekin dago familia. Saria ematea erabakitzen badute, dena konponduko da, eta oraindik ez zaigu burutik pasatzen konponduko ez denik. Kudeaketa politiko desastre bat dago, baina bada jende bat errespetuagatik besterik ez bada eskerrak ematea zor zaiona».

Elzabururen hitzetan, familiaren jarrera argia da: sarirako aurkeztu bazen, saria irabaziz gero jasotzeko asmoa zegoelako zen. Epaimahaiak ere horixe dio bere gutunean: «Lan horiei eta lanen idazleei buruzko aldez aurretiko erabakirik hartua zela jakinez gero, alde nahiz kontra, ez nukeen inola ere onartuko epaimahaikide izatea».

Gainerako idazleenganako kezka eta errespetua

Zortzi kategoriatan banatzen dira Euskadi Literatura sariak, eta bihar Gasteizko Europa biltzar-etxean 19.00etatik aurrera egingo den ekitaldian, aurkeztutako lanen maila eskasagatik hutsik gelditu zen gaztelaniazko haur eta gazte literatura atala izan ezik, gainerakoak banatzeko eguna izango da. Euskarazko saiakera sailean, Joseba Sarrionandiaren lanarekin zer gertatuko ote den jakiteke, sarituak izan diren gainerako egileenganako kezka eta errespetua azaldu nahi izan zuen atzo Pello Elzaburu Pamielako editoreak. «Pentsa ze panorama, eurentzat poz handiko eguna izango litzatekeena. Beren saria ospatu nahiko dute, bere liburuaz mintzatu eta ez horren inguruan gertatu denaz. Horrek ere asko kezkatzen gaitu, baina hori Jaurlaritzak konpondu behar du», esan zuen.

Aurtengo sarituak dira: euskarazko literatura atalean, Ur Apalategi, «Fikzioaren izterrak» (Susa) ipuin bildumarengatik; gaztelaniazko literaturan, Jon Bilbao, «Bajo el influjo del cometa» (Salto de página) nobelagatik; euskarazko haur eta gazte literaturan, Miren Agur Meabe, «Errepidea» (Erein) lanarengatik; euskarazko literatura itzulpenean, Karlos Zabala, «Zubi bat drinaren gainean» (Elkar) lanarengatik; literatura lanaren ilustrazioan, Iban Barrenetxea, «Bombástica Naturalis» (A buen paso) liburuan egindako lanagatik; eta, gaztelaniazko saiakeran, Iñaki Uriarte, «Diarios 1999-2003» (Pepitas de calabaza) liburuagatik. A.A.

EPAIMAHAIAK, UKO

«Sariketa literarioak sariak emateko daude, ez zigortzeko. Norbaitek zigorrik merezi duen ala ez erabakitzeko epaitegiak daudelakoan nago. Saiakera sariketako epaimahaikideon erabakiak berez jarri behar luke saria irabazi duen idazlearen eskuetan, are gehiago erabakia aho batez hartutakoa denean», helarazi zioten bi epaimahaikidek atzo Blanca Urgelli.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo