GARA > Idatzia > Kultura

Lagun ugariren elkarlanez jaio da «Zazpikoloroa», mila kolore zabaltzeko

Maider IANTZI | DONOSTIA

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek musikari, bertsolari eta lagun anitzekin batera sortu dute «Zazpikoloroa» disko eta ikuskizun berria, mundua alaitzen duen zazpi koloreko hegazti miragarri bat protagonista duena. Loro bat da, piraten txoria delako eta piratak pailazo hauentzat elkartasunaren ikur direlako. Hain zuzen ere, elkartasuna eta aniztasuna landu nahi izan dituzte familia osoak disfrutatzeko moduko proiektu honetan.

Igor Elortzak lagundu die ikuskizuna prestatzen eta horregatik, Patakon piratak koplatan egiten du, baita sudur gorri bihurriek ere. Urtero jaiotzen den hegazti magiko koloretsuaz gain, Belekoi ere azaltzen da, Porrotxi aipatzeak berak ere beldurra ematen zion bele itxurako andere berekoia. Halere, ziurtatu zutenez, honi irri eginaraztea ere lortuko dute, nola eginen duten sekretua bada ere.

Musikak garrantzi handia du ikuskizunean eta horregatik, ondoan izan zituzten atzo aurkezpenean Bonbereneako lagunak eta Xabier Zabala, pentsamendu, amets eta ideiak musika bihurtzen dituen artista. Kontatu zutenez, diskoa osatzen duten kantuak hainbat talde eta pertsonari eskaini dizkiete; adibidez, Manolo Urbietari, euskal musikaren erreferente handiari. Epifaniori ere egin diote abesti bat. Iruindar hau «jubilatuta» dago, ez ordea «erretiratuta», eta bizikleta zaharrak jaso, konpondu eta Afrikara bidaltzen ditu. «Eskuetan», Jon Maiak idatzia, aldiz, gorrei zuzenduta dago eta horregatik du musika teknoa, entzun ez, baina gorrek sentitu egin dezaketelako. Hizkuntza, bihotza, bizitza, mundu berri eta bizi-bizi bat gure eskuetan daudela oroitarazten du kantak.

«Besarkada» berdintasunaren aldeko kanta da eta «Maitasun ostadarra» gay eta lesbianei eskainia. Motxila 21 taldeak egin du bertze abesti bat. Elkarte honetako kide gehienek down sindromea dute, 21 kromosoma dituzte eta hortik dator izena.

Ezuste polita emanez, sardiniarrek «Maite zaitut» kantatu diete euren hizkuntzan, Amparanoiako Amparo Sanchezek euskarazko rantxera bat kantatu du... Zabalak nabarmendu zuen bezala, produkzioa gero eta zabalagoa da eta gero eta jende gehiago elkartzen dira estudioan. Ehun lagunetik gora batu dira eta merengea, rantxera, teknoa, sehaska kanta, spinning egiteko aproposak diren doinuak... Denetariko estiloak jorratu dituzte.

Gaur bertan dute ikuskizun honen hurrengo emanaldia, arratsaldeko bostetan Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo