GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Josu Imanol Unanue Astoreka | Bermeo

Abenduaren 1erako gogoetak

Egun honetan, ondo legoke gure ikur gorriaren atzean gizartea aldatzearen aldeko borroka eta konpromisoa egotea ere

Urtero legez, abenduaren 1ean lazo gorriak kaleratuko dira. Berriro ere, herri batzuetan kontzentrazioak egingo dira eta etxeren batean izara zuria lazo gorriarekin ikusiko da. Inor ez bada konturatzen ere, Hiesaren Aurkako Borroka Eguna da, eta guztiok jasotako mezuen bitartez jakingo dugu, milioika lagun garela GIB/HIESarekin bizi garenak. Gezurra iruditu arren, 30 urte nahiko izan dira, sasoi bateko kezkak uxatzeko. Egun, gutxik hitz egiten dute hiesari buruz eta aspaldiko beldurra ez da nabaritzen guregan.

Ematen du hiesari aurre hartu diogula, baina, aldiz, birusaren eragina gero eta handiagoa da mundu osoan, gehienbat herri ez-garatuetan. Aurten ere badira kasu berri gehiago, hildakoak egunero gehitzen doaz, milioika pertsona botika barik daude, kutsatuen artean desesperazioa da nagusi.. agian, ez gara ohartu, baina isilean egon arren, egon bagaude.

Egun honetan, arrazoi asko dauzkagu biziaren alde konpromisoa eta elkartasuna adierazteko, eta GIB/HIESarekin bizi garenok ez gara bakarrik sentitzen gure ibilbidean. Halere, guztiok dauzkagu nahiko arrazoi, gogoetak egiteko. Nor ez da, bada, hiesarekin bizi? Nork ez du gutariko norbait lagunen artean? Nork ez du ezagutzen gutariko inor? Nork ez du, bada, bere herrian, pertsona anonimoren bat GIBarekin? Zein da pertsona 30 urte hauetan ez dakiena milioika lagun bizi garela GIB/HIESArekin? Egun honetan erabiltzen diren datuetatik aparte, gogoratu behar dugu hiesari esker gure gizartea asko aldatu dela.

Gogoan dut lagun min batek behin esan zidana, «...urte gutxitan normalizatuko dira, kondoiaren erabilera, xiringak botiketan banatzea, drogen kontsumoari buruzko eztabaidak, sexu harremanei buruzko hausnarketak, baina gizarteak berehala ahaztuko gaitu, ez da izango gure arazoak konpondu direlako, baizik eta gizartea ez delako gai hiesak eskatzen dituen benetako erronkei aurre egiteko». Egia esan, hiesari aurre egiteko, egiten dugun guztia ere ez da inoiz nahikoa izango. Are gutxiago, prebentzioa bakarrik hartzen badugu ezinbestekotzat.

Hortik aparte, gizarte adimentsu bat eratzea ezinbestekoa dugu. Baita gizarte ausarta, non guztion eskubideak onartuak izango diren edota gaixoa izatea ez den izango baztertzeko arrazoia, ezta pobrea izatea ere; guztiok baitugu bizitzeko aukera bera. Gizarte aurrerakoia beharrezkoa dugu, zalantzan ez dituena jarriko pertsonen arteko harreman mota ezberdinak; gizarte trebea, erronka berriei aurre egiteko. Azken finean, pertsona libreak sortuko duen gizartea beharrezkoa dugu, lehenbailehen. Ohartu beharra daukagu hiesa gaixotasun soziala dela.

Hiesarekin bizi garenok aspaldi zabaldu genuen mezu bat: «Hiesak berak ez gaitu hiltzen, beldurrak baizik». Une honetan gainera, krisiak berak ere, bereziki mintzen gaitu. Ondo dakigu zer den lana aurkitzeko arazoak izatea, badakigu zer suposatzen duen inork jakin gabe botikak hartu beharra lantegietan, zer den kontrol medikuak egiteko oztopoak izatea edota mediku pribatuen egongelatan elkarri begira geratzea. Eta beldur naiz ez ote diren egongo batzuk argudio ekonomikoak aurreikusten, geroan behar ditugun botikak ez emateko.

Horrexegatik, egun honetan mezu asko eta asko entzun arren, ezinbestekoa da gogoetatik mezu argi bat bilatzea, gizartea eraldatzeko. Keinu hutsetatik kanpo, ilusioa bilatu behar dugu. Gugandik ez bada alternatibarik sortzen, besteen esku egongo baitira gure eskubideak.

Horrexegatik, egun honetan, ondo legoke gure ikur gorriaren atzean gizartea aldatzearen aldeko borroka eta konpromisoa egotea ere. Egun hauetan herritar asko daude, krisiari aurre egin ezinik. Agian askorentzat egoera berri bat izango da, baina guretzat GIB/HIESarekin bizi garenontzat, unean uneko beste modu bateko krisi pertsonalak eta gogorrak ezagutu ondoren, ezer ez da berria.

Abenduaren 1ean, gogora dezagun urte guzti hauetako borroka emankorr,a eta bertatik atera dezagun ikasgai garrantzitsuena: borrokatu barik ez dela ezer lortzen.

Muxu bat, GIB/HIESArekin bizi garen guztioi, baita utzi gaituztenei ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo