GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gurutze Jauregi Aitor Ikastolako Langileen Asanbladaren izenean

Oihana gure artean!


Badira egun batzuk gure lankide Oihana Agirre ez dela gure artean. Hutsunea nabarmena da ikastolan, eta asko dira beragatik galdetu diguten ikasleak: Non da Oihana? Zergatik ez da etorri? Gaixorik al dago? Trantzea ez da nolanahikoa; izan ere, nola azaldu guk ere uler ezin dezakegun egoera zentzugabea? Zergatik ezin du Oihanak gure artean jarraitu? Zergatik izan behar du bere urteen emanak etena? Zer dela eta amaitu behar dira umeei urteotan eskainitako hezkuntza, laguntza, goxotasuna, alaitasuna, baloreen transmisioa... eta amaigabeko ekarpenen zerrenda?

Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, euskal presoen eskubideen defentsa egitea nahikoa arrazoi da Oihana gugandik aldendu eta zortzi urteko espetxealdira zigortzeko. Bidegabekeria larri eta anker horren aurrean, gure lankidearen errugabetasuna aldarrikatu eta irmoki salatzen dugu jasotako behin betiko ebazpena. Erabakia bertan behera uztea eskatzen dugu. Oihanak aske eta gurekin izan behar du!

Azkenik, lerro hauen bitartez, Oihanari eta bere familiari besarkada haundi bat eman, eta datorren ostiralean (abenduaren 2an, arratsaldeko 6.30ean, Egiako Plaza Haundin) izango den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.