Aspaldi luzeko mobilizaziorik handiena Britainia Handian, alferrikako neurri gogorren aurka
Atzo Britainia Handian izan zen greba hainbat hamarralditako mobilizaziorik handiena izan zen. Izan ere, aspaldi luzetik grebak ez dira ohikoak izan, ezta hurrik eman ere, eta ez motibo faltagatik, hain zuzen. Alabaina, egoera ekonomikoak edo, hobeto esanda, David Cameronen Gobernuak egoera horri aurre egiteko ezarri dituen neurri gogorrek zerbitzu publikoetako atzoko greba eragin dute. Politika neoliberalei estu jarraituta, Cameronek langileak eta behartsuenak bereziki kaltetu dituzten neurri horiei heldu zien, krisi egoeratik ateratzeko beharrezkoak zirela eta sakrifizio horiek ekonomia berpizteko balioko zutela argudiatuta. Hala ere, argitaratu berri diren datu ekonomiko kaskarrek bestelako emaitza bat utzi dute agerian: neurri gogor horiek ekonomia pizteko helburuari dagokionez alferrikakoak izan dira. Beraz, Britainia Handiko herritarrek badute nahikoa motibo Londresko Exekutiboaren politika gaitzetsi eta haren kontra borrokatzeko. Are gehiago, Gobernuak dinamika berari jarraitzeko asmoa izanda, ekonomia pizteko balio ez duten neurriak ezarriz, hala nola atzoko greba eragin zuen pentsio sistemaren erreforma.