GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Laura MINTEGI Idazlea

Keinuak

Ez-berbazko lengoaia garrantzitsua da oso. Sarri askotan gehiago esaten didate solaskidearen keinuek haren hitzek baino. Esaterako, Patxi Lopezek eskumako bekaina altxatzen duen bakoitzean, badakit intseguro sentitzen dela. Bekaina altxatzearekin batera, une berean albo batera begiratzen badu (normalean ezkerraldera), orduan baiespena bilatzen ari da, ondo ari dela berrets diezaiotela, txakurtxoak agindutakoa ondo betetzen duenean azukre koxkorra eskatzen duen keinu berberaz.

Keinuen hizkuntzak inoiz ez du hutsik egiten. Carlos Garaikoetxea, esaterako, aho erdiaz mintzatzen hasi zen sinisten ez zuen zerbait esan behar zuen bakoitzean, lehendakari zen garaian, eta keinu estrainioa gelditu zaio ordutik aurrera, gutxi-gutxitan galtzen duena. Bakarrik gai pertsonalez eta lagunartean mintzatzen denean zabaltzen du ahoa alde bietatik berdin, simetrian. Bestela, eskumaldeko ezpain-ertzetik mintzatzen da, ezkerreko ezpain-ertza ia guztiz itxita daukala. Ez da esaera hutsa aho txikiaz mintzatzen garela sinisten ez dugun zerbait esaten dugunean. Alkandoraren maukak ukitu eta jakatik kanpora tiratzea, gorbata zuzendu eta ondo kokatzea, botoi itxia berriz ixtea... denak dira keinu adierazgarriak. Tentsioa adierazten dute. Keinu instintiboak dira, eta horrexegatik dira interesgarriak. Lagun amerikarra daukat bere hitzei indarra eman nahi dien bakoitzean, nahi gabe, eskua bragetara botatzen duena. Ezkerreko eskua gako moduan jarri eta, azpitik gora, mugimendu arinaz, paketea bere lekuan kolokatzen du, tente eta erdian, ikusgai. Hitzekin nahikoa ez, eta bestelako armarik beharko bailuen. Enfin, patetikoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo