GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Denok egiten dugu Historia», azaldu du Euskal Memoriak

Euskal Memoria Fundazioak «Frankismoa Euskal Herrian. Behin betiko konponbidea» liburua aurkeztu du Aieteko Jauregian. Bertan, Iñaki Egaña liburuaren egileaz gain, frankismoaren hainbat biktimak, Paco Etxeberria Aranzadi elkarteko lehendakariak, eta Juan Joxe Agirre Lazkaoko Beneditarren Artxibategiko arduradunak ere parte hartu dute.

p016_f00-143X92.jpg

Garazi MUGERTZA | DONOSTIA

Euskal Memoriaren Fundazioak atzo, Aieteko Jauregian, bere azken liburua aurkeztu zuen: «Frankismoa Euskal Herrian. Behin betiko konponbidea». Fundazioko lehendakari eta liburuaren egile den Iñaki Egañak auzolanean eginiko lana izan dela nabarmendu nahi izan zuen, argitalpena posible egin duten guztiei eskerrak emanez.

Argazkilariz inguratuta, aurkezpeneko kideak Jauregiaren atarian liburua erakutsiz jarri ziren, guztiak batera, barrura sartu aurretik. Behin Gandhi aretoan, gitarra eskuetan zuela emakumezko ahots leun batek eman zion hasiera prentsaurrekoari. Hitza hartzen lehena egilea bera izan zen, ezker-eskuin zituenak aurkeztuz. Atzean frankismo garaiko argazkiak proiektatu zituzten.

Liburuak kronologia bat eta 83 gehigarri dituela azaldu zuen. Kasik mila orriko lana hamasei kapitulutan banatu du, trantsizio frankistatik erregimenaren eta oposizioaren birmoldaketara. Gainera 2.000 argazki baino gehiago biltzen dituela zehaztu zuen.

Jendarteak ezagutzen duen historia ez dela historia osoa adierazi zuen Egañak. Fundazioaren lana, hain zuzen, ezkutuan den hori, «existitzen ez diren froga horiek» ikertzea dela azaldu zuen. Horrela, beren jardunean jarraitzeko duten konpromisoa berretsi eta hemendik hiru edo lau urtera liburu honen bigarren atal bat egiteko duten asmoa ere agertu zuen, Joxean Agirrek aurrez egindakoaren formatua errepikatuz, baina frankismoaren gainean. «Historia denok gara eta denok egiten dugu Historia» gehitu zuen.

Hitza hartzen bigarrena Paco Etxeberria mediku forentsea eta Aranzadi zientzia elkarteko lehendakaria izan zen, zeinak Egañaren lana goraipatu eta horrelako ikerketen garrantzia azpimarratu zuen.

Etxeberriak gainera, giza eskubideei dagozkien gaien aurrean ikertzen aritzen direnak objektiboak eta inpartzialak izan behar direla adierazi zuen, «inpartziala izatea» ez dela «neutrala» izatea ñabartuz. Atzean proiektatutako argazkiez baliatuz, frankismo garaian preso egondako gizonezko baten inguruko dokumentazio zehatza erakutsi zuen, dokumentazioa egon badagoela, baina eskuragarri ez dela salatuz. Horrez gain, gerraren beste biktimak ere erakutsi nahi izan zituen, soldaduen kontrako noranzkoan, ihesi zihoazen emakume batzuen argazkia erakutsiz.

Hasi moduan, kantuz amaitu aurretik, Juan Joxe Agirrek Lazkaoko Beneditarren Artxibategiko arduradunak frankismo garaiko artxibategia nola osatu zuen azaldu zuen.

Frankismoaren biktimak

Egañak hunkituta aurkeztu zituen mahaian lagun zituen Txomin Letamendi, Marcelo Usabiaga eta Rosa Larrañaga, frankismoko biktimak. Ikus-entzuleen artean, besteak beste, Itziar Aizpurua, Marian Beitialarrangoitia edo Felix Soto ezker abertzaleko kideak zeuden.

Txomin Letamendiren aita -izen berekoa- Gerra Zibilean komandantea eta Venezuelan errefuxiatua, 1950ean atxilotu eta torturaren ondorioz hil zen. Semea ere, birritan atxilotu eta torturatua izan da, baita biloba ere.

Marcelo Usabiaga, frankismo garaian 21 urtez espetxean egondako makia. Rosa Larrañagaren aita -Jesus Larrañaga- 1936ko gerran atxilotua, erbesteratua eta fusilatua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo