Iker Bizkarguenaga Kazetaria
Kazetari, hobe kalean erredakzioan baino
Kazetaria izanda, ogibidez besterik ez bada ere, irakurleari ez zaio arraroa egingo beste hainbat hedabidetan lan egiten duten kazetariekin orduak ematen ditudala esaten badut. Ez dakit igeltseroek edo albaitariek berdin egiten duten, baina lanbide honetan gabiltzanok prentsaurrekoen ostean, Legebiltzarrean aspertuta gaudenean, elkarrekin topo egiten dugunean edo, besterik gabe, suertatzen denean, kafe bat hartzeko, berba egiteko, iritziak trukatzeko ohitura dugu.
Boligrafoari estalkia jarri, grabagailua itzali eta lasai aritzen gara, honetaz eta besteaz iritzia ematen eta besteen iritzia jasotzen. Jendea informatzea da gure lana, eta pentsa liteke informazio asko kudeatzen dugun jendea garela, esku artean datu asko ditugula. Horregatik, iragan maiatzean zur eta lur geratu nintzen hainbat lankidek Bilduren emaitzekin adierazi zuten sorpresa ikustean. Udaberri gogoangarri horretan, nahikoa zen kalean osteratxo bat ematea euskal gizarteak bizi zuen giro bereziaz jabetzeko. Seinaleak leku guztietan ikusten ziren. Nola ahaztu maiatzaren 5eko arratsalde eta gauean Bilboko Areatzean bizitakoa? Baina maiatzaren 22a heldu zen eta informazioaren profesional askok ezustekoa hartu zuten.
Antzeko zerbait gertatu zait duela gutxi. Urriaren erdialdean Aieteko Konferentziaren bezperan eta hurrengo egunetan, zurrumurrua baino zerbait gehiago bazebilen airean. Zerbait bazetorren, egun historikoak bizi behar zituen gure herriak. Bueno, ba aste hura inoiz ahaztuko ez duen lehendakariak bakarrik ez, kazetari askok ez zioten berriari usainik ere hartu. ETAk agiria argitaratzearen bezperan, lanbide honetan urte asko eman duten lankide batzuek esaten zuten Patxi Lopezek ez ziela zurrumurruei kasu egin behar, bere egitekoa AEBetan egotea zela, enpresaburuei laguntzen. Zurrumurruak! Non geratu zen kazetarien seigarren zentzu hura?
Batzuetan pentsatzen dut kazetariok denbora gehiegi ematen dugula erredakzioan, burbuilan sartuta, eta hobe geundekeela kalean, berriak sortzen diren lekuan. Horrela behintzat «analista» askok ez lukete behin eta berriro hanka sartuko.