GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Gutxi batzuek idazten dutenean Historia

Ez da azaroaren 20 guztietan besoa altxatzen duten nostalgiko batzuen kontua. Krimenak markatu zuen estatu oso baten ideologia, kultura, ohitura, mundu ikuskera chauvinista eta zapaltzailea

Errepide erdi hutsetan Seat 600 batzuk elkarri klaxona joka agurtzen zirenetik, umeak auzokideen etxeetara zuri-beltzeko telebistak ikustera sartzen zirenetik, etxeetan telefono finkorik ere ez zegoenetik eta ordenagailuek zulatutako txartelaz funtzionatzen zutenetik, urte luze-luzeak pasatu dira. Ni neu jaio barik nengoen sasoi hartan, horregatik horra hor nire sorpresa Googleko albisteetan «Francisco Franco» nabarmenduta topatu eta twitterreko trending topic-etako bat «Franco» dela ikusi dudanean! Urte luzeak pasaturik ere, agerikoa da zenbait zauri zarratzeko tirita soil bat ez dela nahikoa.

PP baloiak kanporatzen hasia da aurreko Gobernuak mahai gainean utzitako aferaren aurrean. Valle de los Caidos delakoa eta Francoren hezurrak. Atera ala ez atera, moldatu monumentua ala ez moldatu. Gorputzak eskatzen dien ezezkoa argi defendatzeak bazterrak nahastuko lituzkeen bezala, askoz gehiago asaldatuko lituzke alderdiaren oinarriak baiezko batek. Beraz, garrantzia kentzen hasiak dira: momentu honetan inportanteena egoera ekonomikoa dela, jendearen kezken artean ez dagoela horrelako tontakeriarik eta, gainera, «espainolak banatzen dituen» eztabaidetan sartzeko asmorik ez daukatela... Hala ere, trankil egon daitezke, Eliza katolikoak generalisimo-arekin izandako maitasunari jarraiki, Rouco Varelak ondorengo hauei ere konponduko die erabakia.

Nahiz eta batzuon hildakoak haran horretan ez egon, nahiz eta ehunka kilometro beherago nonbait daudela susmatu, hain urrunera ez dugu jo behar horrelako monumentu bat topatzeko. Hemen, Iruñean, badaukagu «Navarra a sus muertos en la Cruzada» propio bat, Mola eta Sanjurjo bertan ehortzirik eta bere sinbologia osoa gordetzen duena.

Baina sinbologia, garrantzitsua bada ere, ez da lazgarriena. Ondorioekin bizi gara oraindik, guk geuk bizi izan ez arren, estatu kolpe hark gure bizitzak markatu zituen ondorio agerikoekin, eta ondorio horiek gogorarazten dituzten sinbolo eta marka mingarriekin. Baina okerrenak ez dira ondorio horiek, okerrena da frankismoaren erroetan gaudela oraindik murgildurik.

Zeren eta frankismoa aldareetara altxatu eta hainbeste urtetan balioztatu zuten oinarri ideologiko-politikoek indarrean baitiraute. Eta ez da azaroaren 20 guztietan besoa altxatzen duten nostalgiko batzuen kontua. Krimenak markatu zuen estatu oso baten ideologia, kultura, ohitura, mundu ikuskera chauvinista eta zapaltzailea, eta krimenaren inpunitateak, krimena aipatu barik burutu zen sasi-trantsizioak, gainera, «demokraziaz» margotu zuen. Lotuta eta ondo lotuta. Hori ez da ezabatzen sinbolo zehatz bat ezabatuta edo hezur batzuk lekuz mugituta.

Geure herriak berak horrekin egiten du topo etengabean: «España, una; España, grande; España, libre». Gorri separatistak gara oraindik espainolen imajinarioan.

Horixe da gertatzen dena gaindituen eta garaituen gainean, errealitatearen ukazioan, beldur eta isiltasunean, faltsututako historiaren harira idazten direnean kontakizunak. Gutxi batzuek idazten dutenean Historia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo