Kontraesanak ardatz, Antton Elorrioko boskotearen «Gorantz erori...» diskoan
GARA | BILBO
Antton Uriarte abeslariaren izena hartu du Antton Elorrioko boskoteak proiektu berria aurkezteko. Lor taldean aritutako Rami Unzeta bateria jotzaileaz eta Lander Irazola gitarristaz gain, Mikel Nuñez (teklatuak) eta Txaber San Pedro (baxua) batu dira pop-rock talde honetara eta euren lehenengo estudioko lana plazaratu dute: «Gorantz erori...». Doinu intimoak powerpoparen indarrarekin uztartzen dituzte, Anttonen ahots sakonarekin batera. Zea Mayseko Aiora Renteriak ere lagundu du «Ohe hutsegiak» kantuan.
Hitzei dagokionez, Anttonek egin ditu ia gehienak baina kolaboraziorik ere izan dute. Sustrai Colinak «Hartu arnasa» idatzi du eta Amets Arzallusek «Maitasuna ixil ixilik».
Ondarroako Santos estudioan grabatu dute diskoa, Mikel Santos teknikariarekin batera. Durangon Ahotsenean dute hitzordua jarrita, abenduaren 7an, 13.30ean. Zuzenekoa eskainiko dute bertan. Hilaren 23an, berriz, Gernikako Gaztetxean izango dira.