GARA > Idatzia > Kultura

Esan Ozenkiren lanak digitalizatu dituzte 20. urteurrena ospatzeko

Negu Gorriak taldeak abiatutako zigiluak, Esan Ozenki Recordsek, musika zabaltzeko bide berriak jorratu zituen, eta hala, eredu bilakatu zen 90eko hamarkadan. Orain, bertako obrak egokitu eta gaurkotu dituzte.

p049_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Nork esango zigun orain dela hogei urte hemen elkartu behar genuenik!», hasi zen Fermin Muguruza, euskal eszena hainbertze indartu eta sustatu zuen diskoetxe independentearen sortzaileetakoa, Elkarren bildutako publikoari begiratzen ziola, tartean hainbat musikari eta lagun: Sorkun, Kaki Arkarazo, Mikel Abrego «Pintza»... «Zenbat istorio, zenbat disko eta esperientzia!», adierazi zuen nostalgiaz. «Ondo dago museoak bisitatzea, nahiz eta gero atera egin behar den horietatik». Esan Ozenkiren museoan, obra batzuk hondatuta edo galduta zeuden eta horiek egokitu eta gaurkotu nahi izan dituzte 20 urte bete dituztela ospatzeko.

Alde batetik, katalogoa digitalizatu eta jendearen eskura jarri dute Interneteko hainbat ataritan, eta webgune berria sortu dute (www.esanozenki.com). Bestetik, VHS formatuan zegoen Hitz Egin 95ean Oiartzunen ospatutako jaialdi ospetsuko ikus-entzunezkoa DVDra egokitu dute Eguzki Bideoak etxekoekin elkarlanean, eta 1991 eta 2011 artean kaleratutako abestiekin CD bilduma bat osatu dute. Bertan agertzen dira Negu Gorriak, Ama Say, Delirium Tremens, Kortatu, EH Sukarra, BAP!!, Dut, Sorkun eta bertze anitz.

«Ezinbesteko erreferentea»

Imanol Ubeda Bide Ertzean taldeko kideak disko honetarako hitzaurre bat idatzi du eta bertan, 90eko hamarkada euskaraz egindako rockaren hamarkada izan zela aldarrikatzen du. Garai hartan, Irungo diskoetxe berezia «ezinbesteko erreferentea» izan zela ere nabarmentzen du. Musika zabaltzeko bertze bide batzuk jorratu zituen, eredu bihurtzeraino, eta euskaraz egindako rocka munduko txoko ugaritara eraman zuen.

Zigilu honen bertze ezaugarri bat «eskuzabaltasuna» izan zen, talde eta mugimendu anitzen aterpea eta aitzinera egiteko bidea izan baitzen. «Eskola bat sortu genuen, guk ikasteko: autogestioa, nola egin genitzakeen gauzak... Akatsak egin genituen, arrakasta handiko gauzak ere bai», oroitarazi zuten. Kontent daude lana ez zelako hor gelditu, jarraitu egiten duelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo