Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Fermin
Rockarena madarikazioa ere izan daiteke, barruak jaten dizkizun gaixotasuna. Galdetu bestela Fermini. Ez, Fermin horri ez, ezta Iruñekoari ere; Fermin Iraola zenari baizik. Galdetu Fermini nolatan rocka gorputz guztia hartzen duen sukarra izan daitekeen, azkar kontsumitzen zaituen grina. Galdetu Fermini nola musikak batzuetan lehergai txikiak jartzen dizkizun larru azpian, nola nahasten dizun odola edo nolako amarruak asmatzen dituen haren zurrunbiloetan lokartzeko. Galdetu nola jartzen zaituen beti atzera begira. Horretaz gogoratzeko, Johny Thundersen poster bat dut logelan.
Dena dela, hari leporatu arren, ez da rockarena erru guztia, modu askotara ziztatzen da sukarra hemen eta sukarrak harrapatzen zaituenean, akabo, arteak ere ez zaitu salbatuko. Musikak gaitz asko senda ditzake baina ez musikazaletasuna bera, ez taula gaineko zuloak, ezta barruko piztien uluak ere. Rocka da haien soinu bandarik egokiena eta, nolanahi ere, Ferminena. Beste izen bat da hildako rockero madarikatuen panteoian.
Denok dabilkigu gaitzen bat ate joka, alferrikakoa da kontrakoa uste izatea. Hamaika kantu datozkit burura une hori irudikatzeko, bat baino gehiago izan daiteke Ferminena. Amaiera, ordea, sekula ez da izaten imajinatu dugun hori bezain heroikoa, askoz ere uzkur, eskas eta gaiztoagoa izan ohi da, batez ere, lagunen kasuan. Bakoitzak dauka bere buruaren berri eta duintasunerako ere indarra behar denean, gaitza da rockaren madarikazioa astintzea. Ez engaina, glamour gutxi topatuko duzu horrelakoetan. Baina, gogoratu, hilerrietan ere idazten dela rockaren historia, baita gure rockaren historia txikia ere. Horretan ere homologagarriak gertatzen gara munduko beste rockero guztiekin. Keep on rockin Fermin!