Olentzerok Iratxo ankerrari egin beharko dio aurre film berrian
Olentzeroren abenturak kontatzen dituen laugarren euskarazko animazio pelikula da «Olentzero eta Iratxoen jauntxoa». Anje mutikoak libre utziko du Iratxoa eta honek arriskuan jarriko ditu herria eta Gabonak. Filma bihar estreinatuko da Euskal Herriko zinema aretoetan.
A. ARRUTI | BILBO
Gabonak hurbildu ahala, lanean hasten da Olentzero eta, azken hiru urteetan bezalaxe, bere abenturak eta komeriak ikusteko aukera izango da aurten ere zinema aretoetan. Baleukok ekoitzi du «Olentzero eta Iratxoen jauntxoa» animazio filma, ikazkinaren istorioak kontatzen dituen laugarren lana.
Gorka Vazquez bilbotarra izan da zuzendaria eta Xegundo Altolagirre legazpiarra gidoilaria. «Olentzero, gure euskal mitologiako pertsonaiarik zabalduena izanik, erreferentea da, eta istorio berezi bat sortu nahi izan dugu hasieratik; haurren gustukoa izango dena eta gurasoak ondoan daudela ikusi eta gozatzekoa», azaldu zuten atzo, Mungiako Izenaduba basoan egindako aurkezpenean. Olentzero bera ere bertan izan zen, momentu batez bere zereginak albo batera utzi eta auto elektrikoan iritsi zen gainera.
Kondairei tartea
Filmaren arduradunek azaldu zutenez, laugarren istorio honetan «aurrerapauso kualitatibo bat» eman nahi izan dute eta horregatik, «abenturaz, maitasunaz eta dibertsioaz gain osagarri berriekin dator Olentzero: gure kondaira eta tradizioak». Orain arteko filmetan, gizakiek sortu dizkiote arazoak Olentzerori, Gabonetan eskatzen dizkiogun gutizia eta norberekeriek eragin dizkiote buruhausterik handienak, opari banaketa arriskuan jarriz. Oraingoan, ordea, Olentzerok eta bere lagunek beste moduko arazo bati egin beharko diote aurre: «Gizaki mitologiko maltzur eta zitalek sortutako nahigabeei. Eta gauza jakina da, beste neurri bateko arazoak direla hauek».
Anje mutikoa Pirinioetako herrixka batean bizi da eta Olentzero ezagutzen duen haur bakarra da. Betidanik izan duen ametsa bete ahal izango du, Olentzeroren laguntzaile izatea.
Uste zuenaren oso bestelakoa izango da, ordea, bere zeregina. Ikazkinak bere tailerra erraztu eta garbitzeko aginduko dio eta hori Anjeri ez zaio batere gustatuko. Haserrealdi horretan apal batean dagoen etxetxo bat erortzen utziko du. Bertan gordetzen da urteetan zehar Olentzerok giltzatuta izan duen Iratxoen jauntxoa. «Iratxo maltzur eta zeken honek Anje nahastarazi eta libre uztea lortuko du, herria hankaz gora ipini eta Gabonak arriskuan jarriz. Ez du lan makala izango Anjek Iratxoa harrapatu eta berriro Olentzeroren konfiantza lortu nahi badu».
Gaur Mungian aurrestreinaldia egingo dute Olalde aretoan (19.30) eta bihartik aurrera Euskal Herri osoko aretoetara zabalduko da filma.