Joseba Tapiak «Eta tira eta tunba» diskoko kantuak joko ditu Euskaltzaindian
GARA | BILBO
Bilbo Zaharra Forumek antolatuta, Joseba Tapiak «Eta tira eta tunba» diskoko kantuak eskainiko ditu gaur Euskaltzaindiaren Bilboko aretoan, arratsaldeko zazpietan. Bigarren Gerra Karlista ardatz hartuta, karlisten eta liberalen doinu historikoak jasotzen dituzten 22 kantuko bilduma da diskoa eta iaz kaleratu zuen Lasarteko musikariak. Kantu bihurtu diren bertso hauek XIX. mendeko gertakari garrantzitsuenei buruzko lekukotza ematen dute.
Ironia, kritika, umorea eta iraina duten bertso doinuak kantu dantzagarri gisa ageri dira diskoan. Liskarretik sortutako pasodobleak eta fandangoak entzun daitezke, denborarekin festa bilakatu direnak.
Orkestazioari dagokionez, berrikuntza handia dakar Tapiak, haize tresnez osaturiko taldea erabili duelako bertsoak musikatzeko: saxoa, bonbardinoa, tronpeta, tronboia, klarinetea, tuba...