GARA > Idatzia > Kultura

Euskaldunok komikietan izandako presentzia eta autoak, «Erlea» aldizkariaren bosgarren alean

Bernardo Atxagak zuzentzen duen Euskaltzaindiaren «Erlea» aldizkariak bi «atmosfera» ditu oinarrian bosgarren alean ere; komikiak eta autoak. Juan Carlos Eguillorri omenalditxoa egin dio Atxagak.

p050_f01_148x084.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Pamielak lau hilean behin argitaratzen duen Euskaltzaindiaren «Erlea» aldizkariak autoei eta komikiei eskaini die bosgarren alea. Bernardo Atxagak atzo azaldu zuenez, «bi atmosfera horien inguruan» egituratu dira atal guztiak. Gainera, Atxagak Juan Carlos Eguillor margolariari eskaini dio «In memoriam» tartea.

Komikiei dagokionez, esaterako, «Punki eta Kipe zuzendari ehizan» idatzi du Miel A. Elustondok eta bertan kontatzen du «nola `Ipurbeltz'-eko pertsonaia klasiko bi amesgaizto bihurtu zitzaizkion komikiaren arduradun ohiari». Iñaki Berazategik, berriz, «Euskaldunak komikian» lana dakar eta XX. mendearen hasieratik gaur egundaino euskaldunok arte grafiko honetan izandako presentzia eta bitxikeriak kontatzen ditu.

Bigarren atmosferaren harira, «beti ari gara euskaldunok etxea gora eta etxea behera», esan zuen Atxagak, «guk kotxea aukeratu dugu». Kike Amonarrizek, «Chimista bezela pasako dira!» artikuluan, 1903an Gipuzkoatik pasatutako rallya ekarri du gogora, garai hartan aditzera emandako «bando» eta guzti. «Jainkoak daki zer oker ikaragarriyak gertatu litezken Probintzi ontan», hasten da. Piarres Aintziartek, bestalde, «Nere auto haiek» idatzi du. Felix Ibargutxik ariketa bitxia egin du, bertsolaritza eta autoak uztartuz eta Marisol Bastidak, Mikel Laboaren alargunak, bikotearen lehenengo autoa oroituz hasi du bere idatzia. Azaleko irudia Marta Cardenas margolariak egin du eta bere objektuen inguruan ere hitz egin du Atxagarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo