GARA > Idatzia > Mundua

GIB birusa hedatzen ari den arren, hiesak jotakoak gutxitu dira Europan

Europan GIB birusak kutsatukoen kopuruak gora egin zuen iaz; 2009an baino %4 kasu gehiago izan ziren. Hiesak jotakoen kopurua, aldiz, jaitsi egin zen, tratamenduek birusa kontrolpean izaten lagundu dutelako. Gaitzak hildakoak %22 gutxitu dira azken bost urteotan.

GARA | ESTOKOLMO

Giza immunoeskasiaren birusak (GIB) kutsatutakoen kopurua hazi egin zen Europan 2010ean, baina tratamenduei esker, hiesak jotako pertsonen kopuruak behera egin zuen, Europar Batasuneko Gaitzen Kontrol eta Prebentziorako Zentroak (ECDC) eta Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) egindako txosten batean jasotzen denez.

«Europan GIB birusaren inguruko berriak kezkagarriak dira», dio atzo argitaratutako ikerketak. «2010ean, 27.116 GIB diagnostiko berri jaso ziren Europar Batasunean eta Europako Ekonomia Esparruan. Horrek esan nahi du %4ko igoera izan dela, 2009aren aldean», zehazten du.

Hala ere, hies kasuek beheranzko joerari eutsi zioten 2010ean, guztira 4.666 kasu berri detektatu zirelako. «Horrek esan nahi du 2004 eta 2010 artean %50 gutxitu direla». Bestalde, gaitzak hildakoen kopuruak %22 egin du behera azken bost urteotan. Epe horretan birusak kutsatutakoen kopurua %15 jaitsi zen. «Munduak hamar urte behar izan ditu bultzada hori lortzeko», adierazi zuen Gottfried Hirnschall GIBaren Aurkako Saileko zuzendariak.

«Egun, aukera handia dago epidemiari aurrea hartzeko, baina hurrengo hamarkadan bultzada horri eusten baino ezin da hori lortu», gaineratu zuen. Berrikuntza eta aurrerapen zientifikoak azkar ezarri behar direla ohartarazi dute, nazioarteko krisi ekonomikoaren eragina ez jasateko.

Epidemiaren aurka borrokatzeko, diagnostikoa azkar egin behar dela azpimarratu zuten ECDC eta OMEk. Nazio Batuen Erakundeak iragan astean argitaratutako txosten batek dioenez, 2010ean 34 milioi pertsona ziren mundu osoan GIB birusa hartutakoak, inoiz baino gehiago; horren arrazoia tratamenduak eskuratzeko baldintzak hobetzeari esker heriotza kopurua gutxitu izana da. Epidemia geldiarazteko itxaropena piztu du horrek.

Kutsatzeak

Gaur egun, seropositibo diren pertsonen erdiek tratamendu bat eskuratu dezakete. Horrek 700.000 pertsonaren bizitza salbatu du. ECDC eta OMEko ikerlariek diotenez, epidemia oso modu ezberdinean agertzen da herriaren arabera, baina, oro har «gehiegizko eragina du hainbat taldetan; batez ere gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonak, GIBa oso hedatuta dagoen herrialdeetakoak eta droga hartzeko xiringa erabiltzen duten pertsonak».

ECDCek eta OMEak birusa kutsatzeko modu ezberdinen mapa egin dute. Modu horretan «neurriko erantzuna» eman daiteke, Zsuzsanna Jakab, OMSeko zuzendariak adierazi zuenez.

politika ausartak

«Ausartak izan behar dugu GIBek eragin gehiago duen herrialdeetan arreta handiagoa jartzeko eta berandu egindako diagnostikoei aurre egiteko; izan ere, askotan horrek tratamendua atzeratzen du eta heriotza-tasa igotzen duelako», adierazi zuen Marc Sprengerek ECDCko zuzendariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo