Sariak
Bi euskal ekintza FEDMEren sarituen artean
Antton Zabalak eta Ekaitz Maizek Marboreko Dorrean zabaldu eta kateatutako «Agur eta Ohore» bidea (8a, 300 m) eta Mikel Zabalzak Manu Cordovarekin Grandes Jorasseseko «No siesta» marran (M7, 1.100 m) eginiko eskalada protagonista izan dira.
Andoni ARABAOLAZA
Urtero legez, FEDMEk antolatzen duen alpinismoko zein eskaladako jarduera onenen inguruko sariak notizia dira. Eta irabazleen izenak esku artean ditugu jadanik. Jakina, aurtengo ekintzei buruz ari gara. Azken urteotan bezala, bost kategoriatan banatu dituzte aipatutako sariak: Europaz kanpoko alpinismoa, alpinismo europarra, horman eginiko eskalada, izotz-eskalada eta dry toolinga eta kirol eskalada eta boulderra.
Duela egun batzuk eman du espainiar federazioak epaimahaikideek erabakitakoaren berri, eta aurtengo ekitaldian hiru euskal protagonista ditugu: Antton Zabala, Ekaitz Maiz eta Mikel Zabalza. Zabalak eta Maizek Marboreko Dorrearen ipar aurpegian eginiko lana azpimarratu nahi izan du epaimahaiak. Beste era batera esanda, «paretan eginiko eskalada» kategorian aurkeztutako hautagaien artean euskal sokada honen jarduera izan da onena.
Gogora dezagun bi eskalatzaile hauek uztailaren 30ean eta 31n «Agur eta Ohore» bidea (300m , 8a) zabaldu zutela. Hori bai, behetik eta laguntza artifizialik erabili gabe. Beste era batera esanda, Wendestock edo Ratikonen bezalako paretetan erabiltzen den estilo bera erabilita. Horretaz gain, abuztuaren 27an, Maizek marra osoa kateatzeko aukera izan zuen; gainera, lehen saioan.
Sariaren berri jaso bezain laster, sokada horrek GARAri adierazi dio berria oso pozik hartu dutela: «Guztira, gu barne, lau hautagai ginen, eta guztien artean gure jarduera aitortzea pozteko modukoa da. Gu, bederen, oso pozik gaude Pirinioetako pareta enblematiko eta hotz horretan bide berri bat zabaldu eta eskalatu dugulako. Ez dakigu zer edo zer aportatu dugun, baina, jakina, eginiko lanak erabat bete egin gaitu. Gainera, erabili dugun estiloari eman diogu benetako garrantzia. Wendestocken edo Ratikonen indarrean duten estiloa da. Eta epaimahaiak horri garrantzia eman badio, bada, primeran».
«No siesta»-koa, bestea
Hirugarren euskal protagonista Mikel Zabalza dugu. Huescako Manu Cordovarekin batera, «No siesta» bidea (1.100 m, M7) bi egunetan eskalatu zuen: urriaren 13an eta 14an. Gogora dezagun marra hau Grandes Jorasseseko ipar horman dagoen entzutetsuenetariko zein zailenetarikoa dela. Alpinismo europarraren kategorian «lehiatu» dira; hain zuzen ere, beste pare bat hautagairekin.
Beste hiru saridunak honakook dira. Europaz kanpoko alpinismoaren saria Mallorcako alpinista Tomeu Rubi eta Cati Lladorentzat izan da. Sokada horrek Kirgizistaneko Pic Pt (5.081 m) zabaldutako bidea saritu dute: «Si la cornisa vol» (MD+, WI4, IV+, M5).
Bestalde, Israel Blancok eta Angel Salamancak izotz-eskalada eta dry tooling saria jaso dute, Gavarnieko bigarren murruan zabaldutako bideagatik: «El aprendiz del maestro» (250 m, VI, WI7/7+X, M9+, A0e). Eta azkena, Ramon Julianek kirol eskalada saria eraman du. Katalanak «The crew» bidea (8c+) bistaz eskalatzeagatik aitortza jaso du.