Boulder Hitzordua
Azpeitiko Gaztetxean blokezale ugari lehia herrikoian
«Euskal presoak euskal harrietara» lelopean, 100 blokezale baino gehiagok Azpeitiko txapelketa herrikoian parte hartu zuten. Gaztetxean egindako hitzorduan hiru maila izan ziren: hasiberriak, herrikoiak eta elitea.
Andoni ARABAOLAZA
Aurreko astean aipatu genizuen Oiartzungo Eskalada Txapelketa Herrikoiak erabateko arrakasta izan zuela, bai lehiakideen kopuruaren aldetik, baita sortutako giroaren aldetik ere. Bada, pasa den azaroaren 26an Azpeitiko Gaztetxean jokatutako Bloke Txapelketa Herrikoiak gidoi bera izan du. Izan ere, ehun blokezale baino gehiagok parte hartu zuten eta Gaztetxean izan zen giroa oso ederra izan zen.
Bosgarren ekitaldia zuen Azpeitiko lehiak, eta kirola nagusi izan bazen, hitzordu hori aldarrikapen baten eskutik iritsi zen: «Euskal presoak euskal harrietara». Aldarri horrekin, beraz, ehun bat lehiakide jo eta su aritu ziren Gorka Karapeto eta Joxe Luis Urkizu Beltzak atondutako proposamenetan. Haiekin batera, laguntza modura, Odrix, Piña eta Rotek jardun zuten. Eta, parte-hartzaile guztiek aitortu bezala, ekipatzaileen lana borobila izan zen.
Horrekin batera ez genuke aipatu gabe utzi nahi Gaztetxera hurbildutakoek dena eman zutela blokezaleak animatzeko. Beraz, ordu luze batzuetan lehia estuak ikusteaz gain, oso giro polita sortu zen.
Ehun blokezale baino gehiago, Euskal Herriko txoko askotatik iritsitakoak. Eta hein handi batean esan daiteke hitzordura sasoiko iritsi zirela. Antolatzaileek hiru mailatan banatu zituzten lehiakideak: hasiberriak, herrikoiak eta elitea. Hots, maila guztietako blokezaleak egon ziren.
Gogor estutzen
Goizeko hamaiketarako den-dena prest zegoen. Lehiatzen lehenbizikoak hasiberrien kategoriakoak izan ziren. Aurretik, ekipatzaileek atondutako sei bloke edo proposamen zituzten. Maila honetan lehiakide asko zeudenez, bi txandatan jokatu zuten. Nesketan, aipatutako sei bloke horietan onena Sara Lopategi izan zen. Haren atzetik Maite Aranaga eta Maialen Lopategi sailkatu ziren.
Ondoren, herrikoien kategoriako lehiakideen txanda iritsi zen. Hasiberriek baino bloke bat gehiago zuten; zazpi, guztira. Maila horretan neskak zein mutilak nahasturik lehiatu ziren. Izaera honetako lehia askotan ikusi dugun Txomin Arantzamendi izan zen indartsuena, eta lehen postua beretzat izan zen. Bigarren sailkatua, berriz, Arkaitz Uranga izan zen eta hirugarrena Oier Iribarren.
Azken kategoria elitekoa izan zen. Nahiz eta beste bietan maila txukuna ikusi zen, hirugarren horretan bestelakoa izan zen. Izan ere, Euskal Herriko espezialista indartsuenetariko batzuen lanak ikusteko parada izan zen. Eta aurreikuspenek ez zuten hutsik egin.
Karapetok eta Beltzak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte elite kategorian parte hartu zutenak, eta gogor estutu ahal izateko, bost «etxeko lan» jarri zizkieten. Guztiak ala guztiak dotoreak. Oso lehia ikusgarriak egon ziren, eta «ezustekoa» eta guzti gertatu zen. Txapela Mikel Nogalesek jantzi zuen. Markel Mendietak bigarren postua lortu zuen eta Ruben Diazek hirugarrena.
Ehun blokezale baino gehiagok parte hartu zuten Azpeitiko Gaztetxean antolatu zen txapelketa herrikoian. Bertaratutako zaleek oso giro ederra sortu zuten.