ITSASOA
Sunset Beach, iraganaren eta geroaren arteko zubia
Hawaiiko antzinako biztanleek olatuak hartzen zituzten Sunseten, eta egun, 800 urte beranduago, leku berezia izaten jarraitzen du.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Abendua itsaski bortitz eta olatu handien sasoia da Hawaiin, eta ondorioz, txapelketa garrantzitsuen garaia ere bada. Tripple Crown itzulia osatzen duten hiru txapelketak dira ziur aski garrantzitsuenak, Haleiwa, Sunset Beach eta Pipeline Banzain egiten direnak.
Leku hauek Oahu irlaren iparraldean daude, North Shore bezala ezagun den kostaldean. Eremu horrek sekulako garrantzia izan du surf modernoaren bilakaeran, bertan kokatu baitira azken hamarkadetan izan diren gertakizun esanguratsu asko.
Leku bakoitzak bere historia eta ezaugarriak ditu. Gaurkoan, Sunset Beachen txapelketek zein bilakaera izan duten azalduko dugu.
Oahu irlaren iparraldean egun ezagun diren surf egiteko leku gehienetan orain dela hamarkada gutxi hasi ziren surf egiten. Oahu irlan antzinatik hartzen dituzte olatuak bertako biztanleek, baina lehen olatuak hartzeko ekimenak He e'nalu izena zuen. Geroago, XX. mende hasieran, kaliforniarrak ere taulekin olatuak hartzen hasi ziren, eta orduan bilakatu zen ekimen hura «surf» izeneko kirol bat.
Lehenengo surf saioak Waikikiko hondartzan izan ziren, irlaren hegoaldean, baina pixkanaka gero eta iparralderago jo zuten surflariek olatu bila. Beraz, irlaren iparraldean surfak hamarkada gutxiko historia duela esan daiteke, baina bada salbuespen bat, Sunset Beach.
Adituen arabera, 1200 urteaz geroztik egiten da «surf» (garai hartan He e'nalu) Sunseteko hondartzan. Dirudienez, badiak dituen berezitasunak ikusita, itsasoratu eta olatu artean ibiltzeko leku egokia zela pentsatzen zuten antzinako itsasgizonek ere.
Sunsetek, berariaz dituen ezaugarriekin, olatuak hartzera gonbidatzen du surflaria, baina kanpotik olatu mendera erraza dirudien arren, zailtasun handia duen olatua da.
Historia hurbilari dagokionean, 1930eko hamarkada hasieran itsasoratu ziren lehen surflariak Sunseten. Lehen itsasoratzeak egin zituztenen artean John Kelly Wally, Gene Froiseth eta Dougie Forbes daude.
35 kiloko taula astunak, lemarik gabeko taulak eta txikotarik gabe, baldintza arriskutsuak ziren. Zailena olatuaren behealdera iritsi eta eskuin alderako norabidea hartzeko orduan taularen ipurdiak irrist ez egitea zen. Horregatik egin zituzten olatu handiak hartzeko diseinaturiko lehen taulak garai hartan.
Woody Brown izan zen olatu handietako lehen taulen diseinatzailea. Egungo katamaran modernoaren diseinatzailea ere bera izan zen. Berarekin batera, Froiseth eta George Dowing surflariek ere parte hartu zuten «gun» edo olatu handietako lehen taulak egiten. Agian, Waimean izan zen lehen aldi hartan berarekin itsasoratu eta bizia galdu zuen Dickie Cross gaztearen hilotzak zer pentsatu eman zion.
50eko hamarkadaren hasieran, Hawaiiko olatu handien irudiak Kaliforniara iritsi ziren eta horrek itsasgizon talde bat erakarri zuen Oahu iparraldera; Greg Noll, Buzzy Trent, Bob Simmons, Pat Curren, Mickey Muñoz eta beste hainbat surflari. Ordurako taulek lema bazuten eta arinagok ziren, baina oraindik baldintza arriskutsuetan aritzen ziren surf egiten.
60ko hamarkadan North Shoreko olaturik famatuena Sunset zen, eta ziur aski, baita mundu osokoa ere. Pelikuletan hango irudiak agertzen ziren eta «Surfer» aldizkariak atera zuen lehen aleko portadan ere hango argazki bat jarri zuten.
60ko hamarkadaren hasierako lehen urte haietan Paul Strauch zen olatu hura ongien menderatzen zuen surflarietako bat. Taula motza agertu zen garaia ere bazen, eta belaunaldien arteko talka nabari zen. Eskola zaharreko surflariek olatu handietarako taulek pisutsuak izan behar zutela pentsatzen jarraitzen zuten, belaunaldi berriek arintasuna lagungarri izan zitekeela uste zuten artean.
1965. urtean egin zen lehen txapelketa, Duke Kahanamoku Clasic izenekoa. Ordutik urtero egin den txapelketa ospetsua da, nahiz eta denborarekin izena aldatu duen (Billabong PRO, vans, eta abar). Lehen txapelketa hura Jeff Hakman gazteak irabazi zuen, 17 urte besterik ez zituela. Strauch garaitu zuen eta hurrengo urteetarako Sunseteko jaun eta jabe bilakatu zen.
Orduan, Hakmanekin batera Barry Kanaiaupuni agertu zen. Biek surf erradikal eta azkarra egiten zuten Sunseten. Olatu handietako leku gehienetan surf egiteko moduak bilakaera bat izan du, mailakatua gehienetan, baina Sunseten kasuan ez da horrela izan: Hakmanek eta Barryk ezarri zituzten oinarriak eta ordutik surf egiteko moduak funtsean berbera izaten jarraitzen duela esan daiteke.
70eko hamarkadan jende asko pilatzen hasi zen Sunseten. Mark Richards, Shaun Tomson, Rabbit Bartolomew eta Ian Cairms bezalako surflari famatuak biltzen ziren urautsian. «Lekutar» edo etxekoen artean berriz, Michael Ho eta Bobby Owens dira aipagarrienak. Sunseteko hondoak, korronteak eta baldintzak beste inork baino hobeto ezagutzen zituzten hauek.
Neguko itsaski handiek Sunsetera ekartzen zituzten olatu erraldoiak hartzeko orduan, berriz, ezagunenak Eddie Aikau, Ken Bradshaw eta Darrick Doemer ziren.
1980ko hamarkadan txapelketa garrantzitsuak egiteko leku bilakatu zen Sunset eta egun oraindik txapelketa garrantzitsuak egiten dira bertan. WQS-ko lehiakideentzat esaterako, urte-sasoiari amaiera emateko txapelketa han egiten da, PRIME kategoriakoa.
Derek Ho, Tom Carroll, Gary Elkerton eta 80ko hamarkadako beste surflari batzuek Hakmanen eta Barryren surfa egiteko modua findu zuten. Aldi berean, Johny Boy Gomes lekutarra ere gero eta erradikalagoa zen olatu handietan surf egiten. Eta Mark Richards australiarrak, berriz, itzelezko baldintzetan, 1985 eta 1986an, bi urtez jarraian irabazi zuen ordurako «Billabong Pro» izena hartu zuen txapelketa.
90eko hamarkadan surf ariketa berriak agertu ziren, airekoak kasu, baina Sunseten olatua menderatzeko moduak bere horretan jarraitzen zuen. Abiadura, olatuaren aldaketei egokitzea eta bira erradikalak.
Munduko beste leku batzuetako olatuek, baita zenbait txapelketek ere, izugarrizko ospea hartu dute azken hogei urte hauetan, baina Sunsetek surflari ororentzat ezinbesteko parada izaten jarraitzen du, olatu berezia baita. Ez da perfektua, berau irakurtzen jakin behar da, baina ariketa desberdinak egiteko aukera eskaintzen du. Ur asko pilatzen da gune jakin batean, olatu handi bat jasotzen da eta jarraian forma desberdinak hartzen ditu.
Urtez urte txapelketa hau irabazi duten surflarien zerrenda gero eta luzeagoa da; Pancho Sullivan, Joel Parkinson, Sunny Garcia, Andy Irons, CJ Hobgood, Jordy Smith, Melanie Bartels, Stephanie Gilmore, eta abar. Baina bada oraindik txapelketa hau irabaztea lortu ez duen surflari esanguratsu bat: Kelly Slater.
Randy Rarick, Triple Crown itzuliko zuzendaria honela mintzo da: «Sunseten egin diren munduko txapelketa guztiak ikusi ditut, hasiera-hasieratik, eta lehen esaten nuena berresten jarraitzen dut orain ere. Alegia, benetako surflari bat izateko, Sunseteko kopa irabazi beharra dagoela, eta Kellyk hori oraindik ez du lortu».
Olatu handietako leku gehienetan surf egiteko moduak bilakaera mailakatu bat izan du gehienetan, baina Sunseten kasuan ez da horrela: Hakmanek eta Barryk ezarri zituzten oinarriak, eta ordutik surf egiteko moduak funtsean berbera izaten jarraitzen duela esan daiteke.
«Sunseten egin diren munduko txapelketa guztiak ikusi ditut, hasiera-hasieratik, eta lehen esaten nuena berresten jarraitzen dut orain ere. Alegia, benetako surflari bat izateko, Sunseteko kopa irabazi beharra dagoela, eta Kellyk hori oraindik ez du lortu»