GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Tripiak Sunset Beachen

Jeff Hakman da Sunseten itzal egin duen pertsonaia ezagunenetako bat. «Mr Sunset, the Jeff Hakman Story» liburuan leku honekin izan zuen harremanaren berri ematen du, eta bere bizitzako pasadizoak kontatzerako orduan, drogekin izan zuen harremana ere hizpide du.

Bera eta bere lagunak LSD hartuta Sunseten edo Waimean surf egitera joaten zirela kontatzen du Hakmanek. Berak ez omen zuen kantitate handia hartzen, eta nola edo hala moldatzen zela dio, baina bere lagunak urautsian zeharo galduta egoten zirela oroitzen du.

Paul Gebauer surflari bikaina North Shoreko lehen «acid guru» bezala aurkezten du. Surflari honek, azido psikotropikoa, bere erlijio bilakatu omen zuen. Mauiko irlara joan eta han pasa omen zuen bolada bat «Haleakalako komunitatean estralurtarrekin bizitzen».

1965eko azaroaren 6an, 17 urte zituela, bi gutun jaso zituen Jeff Hakmanek. Bata eskolako zuzendariak bere gurasoei igorritako gutuna zen. Bertan, Jeff gaztea drogak probatzen zebilela ohartarazten zien irakasle batek gurasoei, baina Jeff ez zen larritu, azken batean, inguruko jende guztia gauza bera egiten ari zen.

Beste gutuna berezia zen, ordea; lehen aldiz Sunseten egin behar zuten Duke Kahanamoku txapelketan parte hartzeko gonbidapena zen. Jeffek ezin zuen sinetsi, sekulako albistea zen hura.

Txapelketa hartan bi belaunaldi elkartu ziren Sunseten. Sarrera ekitaldian egin zuten festan, zaharrak eta gazteak elkarrekin ikus zitezkeen, nahasita, bakoitza festaz bere moduan gozatzen.

Gazteak, begi niniak handituta, batetik bestera zebiltzan, irriz, ero moduan, ia airean. Bestalde, surflari mitikoak zeuden, lasai, patxadan, baina asaldatuak. Ezin zuten sinetsi surflariek drogak hartzen zituztenik.

Halere, han ikusitakoaren arabera, zahar zein gazte, denek gustuko zuten zerbait bazela ohartarazten du Hakmanek: garagardo botila, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo