GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

46. DURANGO AZOKA

Ruper Ordorika: «Eskaera eskaintza baino askoz ere apalagoa da»

p006_f03.jpg

 
A. ARRUTI | DURANGO

Ahotseneak gonbidatuta, «Hodeien azpian» (Elkar) bere azken diskoaren gainean eta Durangoko Azokaren inguruan aritu zen atzo Ruper Ordorika, Julen Azpitarte kazetariarekin batera. Gaur egungo musikaren egoeraren inguruan galdetuta, argi azaldu zuen oñatiarrak: «Eskaera eskaintza baino askoz apalagoa da». Musikan bakarrik ez, literaturan ere gauza bera gertatzen dela azpimarratu zuen. «Oso zaila da galbahetik pasatzea, asko ibili behar da. Nire musikari kideak ikusi ditut, musika utzi eta beste bide bat hartu dutenak».

Kontuak nola aldatu diren jabetzeko, adibide bat aipatu zuen Ordorikak. Indar Trabes taldeak estreinakoz Itoiz izenarekin kontzertua eman zuenean, bera izan zen gonbidatu, eta gogoratu zuen taldeak orduan erosi zuela kontzertuetarako ekipoa. «Garaiko pisu batek adina balio zuen ekipoak. Gaur egun ezin da konparatu, edozein mutikori oparitzen dio aitak gitarra elektriko bat».

Musikak gaur egun duen eginkizunaz edo «rolaz» ere aritu zen Ordorika. «Gu mutiko ginela, norbait jaiotzen zenean txistulariei deitzen zitzaien. Norbait hiltzen zenean, organoa jotzen zen. Jaietan beti egoten zen musika. Hau da, musika beti zen ospakizuna. Gaur egun beste zerbait da. Egia da gehiago entzuten dela, baina nola...», esan zuen. «Baina ez da hemengo gauza», erantsi zuen, «mundu osoan gertatzen da hori».

Mutiko denboretan Durangoko Azokara autostop eginez, elizpera nola joaten zen ere kontatu zuen musikariak. «Ospakizun handi bat da, oso garrantzitsua da euskaldunontzat», aitortu zuen, baina azken urteetan ez omen du hain ongi pasatzen, «jendeak ezagutzen zaitu eta zuk ez duzu ezagutzen jendea».

«Irizpide komertzialak»

Gabonen gertutasunagatik ez balitz, Azokak funtzio eta arrakasta bera izango ote lukeen ere hausnartu zuen Ruperrek. «Batzuetan zoratu egiten gara, baina guk ere, Shakiraren moduan, Gabonen aurretik kaleratzen ditugu diskoak».

Urriaren azken egunetan aurkeztu zuen Ruper Ordorikak bere «Hodei azpian» lana, bere hogeigarren diskoa, nahiz eta atzo azaldu zuenez, berak hamaseigarren disko moduan hartu. Aurreko «Haizea garizumakoa»-ren ildo bertsutik sortutako kantuz osatua dago lana, zuzeneko mordoa eskaintzeko bide eman zion diskoaren ildo beretik, alegia. Bere garaian azaldu zuenez, ez zuen uste hain «komertziala» izan zitekeenik, baina oso harrera ona izan zuen. Merkatua kontuan hartzen duela aitortu zuen, baina «ez du esan nahi horretarako aldatzen duzunik», argitu zuen; «baina ez dago kanturik, jendeak entzuten ez badu».

«Hodeien azpian» lanak hamaika kantu biltzen ditu, guztiak Ruperrek berak idatzi eta sortutakoak. «Kantua genero bat da. Edaten du zorte pixka batekin poesiatik, eta baita doinu ederretatik ere. Bien arteko batuketa oso primitiboa da eta horren atzetik ibiltzen naiz».

Mezu positiboa transmititzen duten kantuak dira, eta askok lana Euskal Herrian bizi dugun egoerarekin lotu dutela esan zuen. «Maite dut jendeak termino horietan ikustea. Berriki aldaketa ikaragarria bizi izan dugu. Baina kantuak lehendik nituen. Igarle onegia nintzateke hala balitz», erantsi zuen.

omenaldia

1991n kaleratu zuen lehenengo alea «Bertsolari» aldizkariak. Bertsozaleei bertsolarien «alderdi publiko ezezaguna» gerturatzeko asmoarekin sortu zen. Atzo, Jon Maiak eta Sebastian Lizasok omenaldi xume bat egin zioten Durangon.

GARTXOTen EGUNA

«Gartxot, konkista aitzineko konkista» filmari eskaini zioten eguna atzo Plateruenan. Eguerdian aurkezpena egiteaz gain, gauean Kerobia taldeak filmeko irudiekin prestaturiko kontzertu berezi bat eskaini zuen.

SAREAN

MusikaZuzenean webguneak jarraipen berezia egingo die Durangon izango diren zuzeneko emanaldiei, espresuki prestatu duen Jarraipen Bereziko Blog baten bidez. Livestream bidezko zuzeneko emisioa, argazkiak, denetarik izango da.

GALBAhEA

«Oso zaila da galbahetik pasatzea; asko ibili behar da. Nire musikari kideak ikusi ditut, musika utzi eta beste bide bat hartu dutenak», esan zuen Ruper Ordorikak Ahotsenean izandako solasaldian.

ordainketa

Azokara poltsikoa beteta eraman behar denez, Durangorako bidea hartu baino lehen kutxazainari bisitatxo bat egin ohi diogu. Elkar argitaletxeak, halere, diru txartelarekin ordaintzeko aukera ematen du. Eskertzekoa da hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo