GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

46. DURANGO AZOKA

«Bertsolari», hogei urte bertsozaleen jakin-mina asetzen

p006_f01.jpg

 

Ane ARRUTI | DURANGO


Hogei urte bete ditu “Bertsolari” aldizkariak pilotalekuak eta plazak betetzen zituzten bertsozaleei taula gaineko bertsolarien alde ezezaguna azaleratzen hasi zenetik. 80ko hamarkadaren amaiera aldera bertsolaritzak sekulako gorakada izan zuen. «Frontoiak bete egiten ziren, Joxerra Gartziaren ‘Hitzetik Hortzera’-k 200.000 ikusle zituen, bertso-eskolek gora egin zuten…», gogoratu du Joxean Agirre kazetari eta “Bertsolari” aldizkariaren sortzaile eta bultzatzaileak. Belaunaldi berri bat ari zen bertsolaritzaren testigua hartzen, baina aurrekoei erretirorik eman gabe, bertsolaritza «klasikoa baztertu gabe»; Jon Sarasuak edo Andoni Egañak Joxe Agirrerekin partekatzen zuten oholtza, esaterako.
Garai hartan dagoeneko baziren bertsolaritzaren «egunerokoari» jarraipena egiten zieten egunkariak, baina ez zegoen aldizkari espezializaturik. Momentu egokia iruditu zitzaien orduan horrelako proiektu berri bati ekiteko. Bertsoaren inguruan teorizatzea baino bertsolarien beste alderdi bat ezagutzera ematea izan zuten xede. «Bi mundu dira bertsoa eta bertsolariak. Bertso saioetara doan bertsozaleak bertsoaren mundua ezagutzen du, baina oso bertsozale gutxi dira bertsolariengana hurbildu eta haiekin solasean edo berriketan jarduteko zoria dutenak. Gu bi munduok uztartzen saiatu gara», azaldu zuen. Izan ere, Agirreren esanetan, bertsolariak «ez dira divoak, ez dira kamerinoetara joaten, oholtza gainetik jende artera jaisten dira», baina eurak hurbil-errazak direla esaten badute ere, «pilotalekua betetzen duten bertsozale horietatik oso gutxik du hurbiltzeko aukera».
Horrela sortu zen “Bertsolari”. 1991ko maiatzean argitaratu zuen lehenengo alea, Kubako inprobisatzaileei tartea eskainiz gainera. Ondorenean ere, mundu osoko inprobisatzaileek izan dute bertan lekua, euskaldunen ondoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo