46. DURANGO AZOKA
La Azoka arranca con el gran reto de hacer frente a la crisis
Astiro-astiro ekin dio urteroko martxari Durangoko Azokak, lehen egun lasai batekin. Izan ere, datorren ostegunera arte izango da zer entzun, irakurri, jan eta edan ezinbesteko Durangoko kultur topagunean.
Anartz BILBAO
Liburu eta diskoz lepo aurkitu dugu Landako Durangoko Azokaren lehen egunean, eta proposamen batzuk egiteko asmoz, hamaika sortzailerengana jo du GARAk, beste horrenbeste iritzi ezagututa erakusmahaietan diren eskaintza interesgarrienetakoak ezagutu nahian.
Unai Iturriaga
Bertsolaria
Durangarra izanik, «lagun batek esan didan moduan, jada `mobiliarioaren' parte gara Azokan», esan digu bertsolariak. «Liburuak-eta liburu-dendan erosten ditut, hemen ezer ez normalean. Bai, Igelako liburuak, beti ez ditudalako topatzen liburu-dendan». Aurten «Udaberririk ankerrena» (Elkar) komiki lana beso azpian duela parte hartzen du Azokan Iturriagak, herriko bonbaketari buruzkoa. Erosketei dagokienez, aipatutako Igelaren saltokian «Hilabete bat Montalbanorekin» eskuratuko du. «Andrea Camilleriren liburu bat euskaratu dute; ni oso zalea naiz, eta hori behintzat hartuko dut, eta gero egon daitezkeen itzulpen kuriosoak». Urtero legez, mundu guztiarekin topo egitea espero du.
Ixiar Oreja
Musikaria
Andoaindarra «`Gartxot' egin duten lagunei laguntzera etorri naiz, kamisetak saltzen, irudiak ateratzen, ogitartekoak eskatzen...», esan digu eguerdian, erosketak eginda zituela. «Azoka barruan apenas egon naizen. Bederatzi urteko lagun baten urtebetetzea izan da eta bere oparia erostera etorri naiz. Bi ipuin liburu hartu dizkiot. Bada liburu bat gure alabak oso maite duena, «Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa», eta zuzenean hura zen tokira jo dut saltzailearen aholku bila: ipuin bat «Tximeleta belarriak» (Pamiela) hartu dut, konplexuak izan eta horiei nola buelta ematen dien agertzen duen ipuina, eta beste bat sorginei buruzkoa». Gero, beste opari batzuk ere erosi nahiko lituzkeela esan digu; «tarte bat badut, txikientzako Pirritx eta Porrotxen zerbait eta guretzako zerbait...».
Asisko Urmeneta
Marrazkilaria
Nafarroa Beheretik, Ozta herritik agertu da Azokara Asisko marrazkilaria. Nafarrak «Gartxot» animaziozko filma aurkeztu zuen eguerdian Plateruenan, Mixel Etxekopart eta Amaren Alabak taldearen partaidetzarekin. «Batetik, lanera etorri naiz nonbait. Bestetik, Iturriaga eta San Vicenteren komikia, Durangoko bonbaketari buruzkoa; eta Asiron eta Altxuetaren `1512. Nafarroa, amets bat urratua' (Ikaselkar), konkistari buruzko komikia erostera. Gero, diskoen azalei buruz egin duten bilduma hori ikusi nahi dut, ea interesgarria den, `Azaletatik sustraietara' (Emankor Sarea)». Aipatutako filmaz gain, Elkar etxean «Gartxot» liburua ere plazaratu du nafarrak Edorta Barruetabeñarekin batera, eta arratsaldea sinatu eta marraztu eman zuen. «`Argia'rekin komikia atera genuen, gero film laburra lehenengo eta gero film luzea egiteko oinarri hartu genuena. Orain liburua egin dugu, arbola bat bezala kontzebitua. Kondaira bera da enborra, erroak ditu testuinguru historikoan; eta adarrak sorkuntza lanak dira, Arturo Kanpion eta Benito Lertxunditik hasita... zer du aportatzeko modernotasunean Gartxot bezalako mito batek».
Lander Garro
Idazlea
Hendaiatik «idazleen arteko bazkari batera» agertu da Lander Garro, «Kontrarioa»ren idazlea. «Bide batez erosi nahi ditut, esate baterako, Koldo Izagirreren azken nobela, `Egarri eguna portualdean' (Susa), Jose Mari Esparzaren `Mapas para una nación' (Txalaparta); baita umeentzako libururen bat ere». Eta musikari dagokionez, «Rafa Ruedaren disko berria, `Enaren geometria' (autoekoizpena)». Gu berarekin mintzatu ginenerako mandatu erdiak baino ez zituen eginak. «Arratsaldean itzuliko naiz, zer edo zer gehiago erostera».
Zigor Etxebarria
Zinema ekoizlea
«Amerikanuak» dokumentalaren ekoizlea «beharrean» harrapatu dugu Durangon, kamera eskuan duela. «Gernikatik etorri naiz eta egunero izango naiz lanean». Horretaz aparte, «asmoa diskoren bat erosi eta Ahotsenean kontzerturen bat ikustea dut». Eta erosketak dagoeneko erdi pentsatuta zituen atzo. «Ruperren azkena entzun dut, `Hodeien azpian' (Elkar), asko gustatu zait eta erosi egingo dut. Gero, eguaztenean etorri nahi dut Plateruenara, Lisabören kontzertura».
Julen Azpitarte
Kultur kazetaria
Bermeotarra ere lanean da Durangon, «musika kontuak gidatzen eta elkarrizketak egiten Ahotsenean». Azokaren lehen egunerako, erosia zuen Hanif Kureishiren «Intimitatea» (Txalaparta). «Liburu zahar bat da, Harkaitz Canok itzulia. Eta seguru erosiko dut Jupiter Jon taldearen `Pleistozenozko astelehenak', urteko diskorik onena delakoan. Akaso, baita Sarrionandiaren ipuin guztien bilduma ere, eta agian Harkaitz Canoren `Twist'...».
Goizalde Landabaso
Idazlea
«Bilbotik nator lanera», esan digu Landabaso kazetariak Plateruenako atarian. «Bide batez, lagunekin topo egitera. Normalean sasoi honetarako liburu zein diskoak erosita izaten ditut eta gauza bereziren bat ez bada, ez dut ezer erosten, baina aspaldi ikusi ez dudan jendearekin egoteko profitatzen dut Azoka topagunea». Horrez gain, Txalaparta etxean «Bränskint» ipuin liburua plazaratu eta «Telezailak» lanean parte hartu du aurten.
Irati Jimenez
Idazlea
Durangora lagunekin elkartzera etortzen denetarikoa da Irati Jimenez ere. «Iruñetik nator egun batzuk pasatzera», adierazi zigun bizkaitarrak. «Azoka aitzakia da aspaldi ikusi ez dudan jendearekin egon eta gaur gauean Plateruenan Kerobia entzuteko, erdi parrandan». Erosketak, berriz, azken egunean egingo omen ditu; «orain erosiz gero, pisua eramango dut eta». Eskuratuko dituen lanen artean izango da Canorena.
Lutxo Egia
Idazlea
Bilbotik trenez etorrita eta lanerako prest aurkitu dugunetarikoa da Egia ere. Azoka barruan «Txakur ingelesak» (Susa) salgai duen arren, guk Landako pareko plazan aurkitu genuen, mahai gainean Kukutza gaztetxearen liburua salgai zuela (Txalaparta). Bere asmoen artean, hauek: «Ahotsenean ibiliko naiz kontzertu batzuk entzuten, ea Berri Txarrak taldearen disko berriak, `Haria', zein soinu duen. Eta Jupiter Jon ere interesgarria dela entzun dut». Horrez gain, liburu parea aipatu digu: Cano eta Izagirrerena.
Xamar
Idazlea
Iruñetik Durangora, «liburu bitxi, zahar, agortuen» peskizan dator Juan Carlos Etxegoien, Xamar. «Berriak denda guztietan daude, aldiz hemen agertzen dira tegietan ahaztuta dauden lanak, normalean zabalkunde arrunt bat ez dutenak». Eta aurkitu aurkitzen dituela dio. «Edizio bat aurkitu dut agortuta dagoena eta izugarri interesgarria dena, Barandiaranen `Mitologia vasca'. Eta nik badudanez, lagun batentzat eskuratu dut».
Xabaltx
Musikaria
«Bada urte franko Durangorat heldu naizela», esan digu Ipar Euskal Herritik etorri den Xabaltxek. Musikariak aurten ez du diskorik aurkezteko eta Agorila diskoetxearen saltokian da lanean. «Nire begiak eta belarriak norat joaten ote diren sorpresetarat uzten ditut eta on bat ukan dut goiz honetan, `Euskal zizelkariak' (Pimientos argitaletxea), liburu izugarri bat».
Jon Irazabal, máximo responsable de la Feria de Durango, nos daba ayer información sobre las novedades de la actual edición. «Este año las editoriales y discográficas han tenido un día más para montar sus puestos. Como resultado, algunas montaron el viernes e hicieron fiesta el sábado, por lo que han tenido la oportunidad de tomárselo con más calma». Una calma que también se notó en la asistencia general. Según los expositores, se vendió bien ayer, pero sin prisas ni grandes aglomeraciones y con pausa. A. B.