GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Apalategirentzat puntu gehien, oro har gutxi samar pilatu zituen saioan

Gaztelumendi, Irazu, Apalategi, Sarriegi, Agirre, Rezola eta Martin anai-arrebak. Gpuntuak baditu finalistak datorren abenduaren 18an Illunben jarria duen hitzordu handirako.

p050_f02.jpg

Amagoia MUJIKA

«Plazer bat izan da kantatzea hemendik zuei begira/ ta G puntua hori da», kantatu zuen azken agurrean Iñaki Apalategik. Artean, ez zekien bera izan zela saioko lehena. Jon Zalduak puntuazioaren berri eman zuenean berriz ukitu zuen gailurtxoa. Poza eta kontrakoa elkartu ziren oholtza gainean puntuazioaren berri jakitean. Izan ere, Hernaniko finalaurrekoko lehenak, Iñaki Apalategik, 480 puntu batu zituen. Eta hortik behera, noski, gainontzekoak, Illunberako aukera gutxirekin. Jon Martinek, 479,5 punturekin, harrapatu zuen arrapaladan azken aulkia. Aurreko bi finalaurrekoekin parekatuz gero, puntutan dezente behetik joan zen atzoko saioa eta hortik amaieran bertsolarien artean ikusi ziren aurpegi ilunak.

Saioa arraro joan zen; ez goitik eta ez behetik, lehertu gabe, nahiz eta jendartean zegoen giroa sekulakoa izan. 1.600 lagun inguru batu ziren Galarretako pilotalekuan eta animorik ez zitzaien falta izan bertsolariei.

Saioan barna belarrira xuxurlatzen diren kiniela horietan ez zen Apalategiren izenik entzuten; Jokin Uranga eta Amaia Agirrerenak gehixeago entzuten ziren. Baina, lehia lehia da eta epaileek dute azken hitza.

Iñaki Apalategi txukun samar ibili zen arrazoiketan, baina hanka luze dezente utzi zituen bidean. Eta horiek narrastu egiten dute jarduna. Lehen kartzelakoan, puntuari erantzunez osatu behar den ariketan, berak pilatu zuen puntu gehien. Eta bigarren kartzelan ere beretzat izan zen puntuazio onena. Bigarren kartzelako hau izan zen bere lanik onena.

Hauxe zuten azken kartzelako gaia: Urte askoan aurreztutako diru guztia banketxetik ateratzera zoaz. Horrela bota zuen Apalategik bigarrena: «Norberea eskatzea sekula ez da pekatu/ txanda eman didate ta leihatilan gerturatu/ esan diot `aizu neska ez dezu errurik barkatu'/ baina geratzen zaidana mesedez ondo kontatu/ joan zaitez kaja fuertera dirua eskutan hartu/ hartu ezazu sobre bat ta guztia bertan sartu/ dirurik behar badezu gobernuari eskatu».

Kartzelakoan Apalategik saiakera berezia egin zuen gorputzaren espresioarekin bertsoa janzteko. Hirugarren bertsoan, «eta ikusi zer nola geratu zaidan sakela» esan eta hutsik zituen poltsikoak bistara atera zituen. Jendeari gustatu egin zitzaion ateraldia.

Jon Martin, bigarrena

Puntutan bigarrena Jon Martin izan zen, puntu erdi eskasera hain zuzen. Eta esan bezala, Illunbeko azken aulkia, beretzat. Nahiko erregular aritu zen oiartzuarra, baina punta nabarmenik gabe. Irudi poetiko dezente utzi zituen bidean eta bere estiloa bista-bistan utzi zuen era horretan.

Zortziko handian Amaia Agirrerekin egokitu zen eta biak ala biak ondo aritu ziren. Eurena izan zen saiorik puntuatuena. Hainbeste ordu eskainitako negozioa uholdeek nola hondatu duen begira jarri zituen gai-jartzaileak. «Euritearen tik-taka gendun deabruaren taktika/ berriro ere jantziko dugu gure famili polita/ denda berriro zabalduko da dena hutsetik hasita/ arropak eta ilusioak tenderetean jarrita», bota zuen Martinek bere bigarrenean. Eta, Amaiak, erantzun; «poesia da irtenbidea nonbait zure arabera/ baina jon maite ikus ezazu dena joan da gainbehera/ etorkizuna ilun dakusat erdi biluzik gainera/ hobe hipoteka eraman balu jantzi denekin batera».

Gainerako ariketetan eutsi egin zion Jon Martinek eta kartzelakoan bigarren puntuazio onena lortu zuen. Berriz ere oso tonu poetikoa hartu zuen bigarren kartzelan, seko maitemindu eta bankura joan zen zeukan dirua atera eta etxe bat erosteko, maitearekin bizi ahal izateko, noski. Bertsoak ondo lotu zituen, baina istorioa ez zen oso sinesgarria izan.

Amaia Agirre izan zen puntutan hirugarrena. Oso zentratuta aritu zen arratsalde osoan, serio eta ondo lan egin zuen ariketa guztietan eta, akaso, ez zuen merezitako ordaina jaso.

Seiko motzean, esaterako, Mantxirekin aritu zen semeak ematen zizkien tratu txarren inguruan. «Nahiz eta hezi ondradu/ semea gaixo daukagu/ sala dezagun izan baino lehen guztia berandu/ sarri det kordea galdu/ ta ubelduak ugaldu/ ta ni hiltzera iristen bada nork zaindu behar du», bota zuen Agirrek lehendabizikoan.

Azken kartzelakoan leuzemia duen sei urteko neskato baten amaren ahotik jardun zuen, oso modu hunkigarrian eta oso txukun.

Jokin Urangaren zaleak

Jokin Urangak sekulako animoak jaso zituen harmailetatik eta berak bertsotan ondo eginez erantzun zien lagunei oholtza gainetik. Bere lanak ez zuen esperotako emaitzarik izan, ezta merezitakoa ere segur aski. Seiko motzeko ariketan pilatu zuen puntu gehien azpeitiarrak. Ainhoa Agirreazaldegirekin batera aritu zen. Hauxe zuten gaia: Politikari beraren aholkulariak zarete. Jokinek tarteka gezurren bat esateko aholkatzen dio. Ainhoa ez dago ados horrekin.

«Mitinean ordu laurden/inoiz ezin egin herren/ jarraitzaileak bere atzetik dabilzki nabarmen/ gezurra zeinen txarra den/ nik ere dakidan arren/ pentsatzen duna esango balu ez geundeke hemen», hasi zen Jokin. Eta, Ainhoak, erantzuna: «Politikoak ijitu/ praketan ezin kabitu/ pentsatze ez duten huraxe saltzen ohi dira aritu/ gezurrak zenbat meritu/ ez dadila errenditu/ bide luzea egitekotan egiak behar ditu». Ainhoa Agirreazaldegik berea egin zuen, ariketa guztiak gainditzen asmatu zuen eta ez zen erori.

Iñigo Manzisidor Mantxi bosgarrena izan zen puntuazioan. Lehen kartzelakoan, puntuari erantzuten, estropezu txiki bat egin zuen lehen bertsoan. Baina berehala burua altxa eta gogoz eutsi zion gero saioari. Seiko motzean Amaia Agirrerekin eroso aritu zen, azkar eta ideiak garbi zituela. Hor lortu zuen bere puntuazioetan onena. Eta kartzelakoa ere txukun osatu zuen. «Lanean gogor aritua naiz egunero tirritarra/ beti gogoan nere andregaia eta bere irriparra/ ta urtemuga oraintxe izan da hilaren hogeita hamarra/ uzten nauela esan ez dit ba ze nolako zoritxarra/ daukat aldegin beharra/ bera zelako nere bizitzan neukan proiektu bakarra», aurkeztu zuen gaia lehenengoan. Eta maila beretik jarraitu zuen beste bietan.

Esandakoa, atzoko puntuazioak zeresan pixka bat emango du akaso. Baina jokoa horrelakoa da eta orain Illunbera begira jarri beharra dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo