GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Eskatu egin du eta...

Hasia omen da Olentzero etxeko lanak egiten. Oraindik «lo asko» falta dira bere egun handia iristeko, gehiegi batzuen batzuentzat, baina, antza, ez du azken unean korrika eta presaka ibili nahi. Urte sasoi honetan beti akordatzen naiz apenas lorik egiten ez nuen gau haietaz, eta Olentzeroren etorrerak etxean eta nire barrenean sortzen zuen zalapartaz; opari paperaren azpian ezkutatuta agertu zitzaizkidan trasteetako asko ere gogoratzen ditut, egokiagoak batzuk, traketsagoak besteak. Bost bat urte nituela fardela aldatzea izan zen hiru bat astean -denbora hori igaro zen ni erabat aspertu arte- nire egiteko garrantzitsuena ikazkin ezaguna nire etxean izan ostean. Ez zuen sofistikazio handirik panpinak, ahotik biberoia eman bezala hasten zen fardela pisua hartzen, izan ere; eta han, kale erdian hasten nintzen ni nire tramankulu guztiekin «amatxo lanak» egiten; jira eta buelta, edaten eman eta fardela aldatu. Tira, orduan bazuen bere grazia panpinak. Noski, pegatinak berehala lehortu zitzaizkidan eta astebeteren bueltan nola edo ahala gainean jarri baino ezin nion egin. Panpina hura eskatu eta eskatu sekulako tema eman omen nion Olentzerori. Nik gutunean idatzi eta hark bitan pentsatu gabe ekarri; izan ere, «neska-neska» omen nintzen ni txikitan, koskortu eta zertxobait «mutildu» nintzen arte.

Zaila da ilusioz eta miresmenez idatzitako gutunean eskatukoa inori ukatzea; izan ere, nola esan eta ulertarazi haurrari Olentzero eskaerei filtroa pasatzen hasi dela eta etxe batzuetan besteetan baino zorrotzagoa dela? Izango da denbora gero ere lanak ondo egiten hasteko.

Hori pentsatuta idazten zaio Olentzerori gutuna etxe askotan, eta «neska-neska» denez panpina, kapota eta sukaldetxoa oparitzen zaizkio; eta aldamenekoa, berriz, «mutil-mutila» denez, traktorea eta autoa. Eskatu egiten ditu-eta. Baina, nola demontre ez dituzte, bada, eskatuko? Inor jarri al da egun hauetan telebistan botatzen dituzten iragarkiei begira? Erreparatu al diezue jostailu dendek etxera bidaltzen dituzten liburuxkei? Horietako batean topatu dut orain egun gutxi fardelak eta aldatzeko mahaia dakartzan panpina; eta, noski, iragarkian neskatila bat hari da harekin jolasean. Eskatu egin du eta...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo