GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoak Superprestigioa

Ezkurra eta Ozafrain final-laurdenetan izango dira, baina horretarako uste baino lan handiagoa egin behar izanda

Jon LEUNDA

Aurreikuspenak bete egin ziren Superprestigioko lehen bi kanporaketetan. Ezkurrak eta Ozafrainek final-laurdenak jokatzeko txartelak eskuratu zituzten, eta elkarren aurka neurtuko dira, gainera, hemendik bi astera. Horretarako, ordea, uste baino gogorrago lan egin behar izan zuten atzo Donibane Garazin.

Lehen kanporaketan, Ezkurrak 40 eta 33 irabazi zion Janotsi, 61 minutuz pilotan aritu ostean. Neurketaren lehen zatian oreka handia izan zen; bigarrenean, berriz, Paxkal Ezkurra jaun eta jabe izan zen.

Neurketa 18-24koarekin hautsi zen. Janots irabazten ari zen, baina Ezkurrak sakea berreskuratu zuenean sekulako triskantza egin zuen, 14-0ko partziala lortu baitzuen. Ordura arte Janots bikain ari zen, baina ezin izan zion Urruñakoak jarritako erritmoari jarraitu, eta aukerarik gabe geratu zen.

Saketik Ezkurrak 10 tanto egin zituen; jokoan, berriz, 27; eta galdu, 4. Janotsek, saketik hamaika kintze egin zituen; jokoan, 18; eta galdu, berriz, 3. Lehen neurketan markagailuak segida hau erakutsi zuen: 2-0, 2-2, 3-3, 8-8, 15-15, 16-16, 18-18, 24-24, 32-24, 36-26, 38-29 eta 40-33.

Bigarren partidan ere aurreikuspenak bete egin ziren, baina ezustea ere oso gertu egon zen. Ozafrainek 40 eta 39 hartu zuen mendean Laurent Lanbert, 72 minutuz pilotan aritu ostean. Neurketa bikaina izan zen. Bi pilotariek sekulako norgehiagoka egin zuten, baina amaieran Ozafrainen eskarmentua agerian geratu zen, horrek asko lagundu baitzion.

Laurent Lanbert 36-39 aurretik zen. Bazirudien garaipena beretzat izango zela, baina ez zuen partida finitzen asmatu, eta kanporaketak ihes egin zion. Ozafrainek saketik 11 tanto egin zituen; jokoan, 22; eta galdu, 6. Lanbertek, aldiz, 9 tanto egin zituen saketik, 24 jokoan, eta galdu, 7. Norgehiagokako markagailuak hauek erakutsi zituen: 0-1, 1-1, 9-9, 11-11, 13-13, 18-18, 20-20, 24-29, 31-31. 32-32, 35-35, 36-36, 36-39 eta 40-39.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo