GARA > Idatzia > Kultura

Musika irakurtzeko gonbita zabaldu du «Entzun!» aldizkariak

«Entzun!» aldizkariak hamabost urte bete ditu eta, 2008tik hona egin duen moduan, disko liburu formatuko urtekaria aurkeztu du, 61. zenbakia dagoeneko. Webgune berria ere jarri du martxan.

A. ARRUTI | DURANGO

Musikan espezializatutako aldizkari gisa sortu zen «Entzun!» 1996an. Tolosako Ubeda anaiek abiatu zuten, Aritz Sound System hernaniarrak hartu zuen gero eta, 2002az geroztik, Eragin enpresa nafarrak kudeatzen du. «Musika aldizkariak beti dira minoritarioak edozein hizkuntzatan eta euskaraz are gehiago», esan zuen atzo aldizkariaren koordinatzaile Xabier Sagardiak Ahotsenean eskainitako solasaldian. «Musika entzun asko egiten da, baina irakurri ez hainbeste».

Musikazaleen ohiturek eta «komunikabideetan gertatu den iraultzak» aldizkaria garaian garaikora egokitzera bultzatu dute. Horrexegatik, 2008. urteaz geroztik, urtekari bihurtu dute eta Durangon aurkeztu zuten atzo 2011eko uzta biltzen duen 61. zenbakia, disko liburu bihurtuta.

Hemeretzi kantu biltzen ditu aurtengo diskoak, aurten argitara emandakoak guztiak. «Aurten 200dik gora disko aurkeztu dira. Badakigu aukeraketa horren argazkia ez dela osoa, subjektiboa dela, baina estilo diferenteak lortzen saiatzen gara». Bertan topatuko ditugu, besteak beste, Xabier Montoia, Estankona, Muy Fellini, Antton, Matxura, Berri Txarrak, Su Ta Gar, El Columpio Asesino eta Porco Bravo.

Liburuan, berriz, elkarrizketa eta erreportajeek aurten euskal musikagintzak eman duenaren erretratu zehatza eskaintzen dute, baita kanpoan egin denaren zertzelada batzuk ere. Elkarrizketatuen artean daude Ruper Ordorika, Willis Drummond, Screamin´ Targets, Ze Esatek! eta Lisabö. Bestalde, sakon jorratu dituzte gai ezberdinak: «Euskal kantu egile berriak XXI. mendean», «Musikagintzaren bilakaera 2005/10», «Euskal hardcorea», «Musika plataforma berriak»...

Iritzi artikuluak ere jasotzen ditu bildumak, Urko Ansa, Antton Iturbe eta Iñaki Esnaolarenak hain zuzen. «Liburu formatuak hausnarketarako eta gogoetarako tokia errazten duela uste dut», adierazi zuen Sagardiak.

Urtekariaz gain, webgune berria ere jarri dute sarean (www.entzu.com), 2003az geroztik zeukatenari lekukoa hartuz. «Berehala gelditu zaigu zaharkitua. Oraingo honetan teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukera guztiak sartu ditugu: bideoak, audioak...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo