Lander GARRO Idazlea
Eta orain, zer?
Borroka armatuak iraun duen bitartean bereziki sumindu izan nau «politikaz ETAk armak utzi eta gero» hitz egingo genuela entzuteak, autodeterminazioa eta «kontu horiek guztiak» armak isildu eta gero zirela ebaztekoak. «Terrorismorik gabe», esaten zuten, «dena hitz egin daiteke demokrazian». Zergatik «terrorismoaren ondoren», eta ez «terrorismoa amai dadin»? Zein lotura dago ETAk egiten duenaren eta niri dagozkidan (guri dagozkigun) eskubideen artean? Eska iezaiozue ETAri armak utz ditzan, esan izan digute urteetan. Eskatu? Postaz edo e-postaz egin beharko nuke? Nori zuzenduta? Hitanoz edo zuka egin beharko nuke? «ETAko gerlari (jaun? andre?) prestuok, zuengana adeitasunez nator, armak utz ditzazuen eskatzeko, hala eginez gero gurekin gure eskubideez hitz egingo duela agindu baitigu Espainiako Gobernuko bozeramaile jaun agurgarriak». Halako zerbait falta izan ote dugu gure eskubideak, horrenbestetan amestuak, beteak ikusteko? Hori besterik ez ote zen? Alegia, komunikazio akats inozo bat izan ote da 50 urtez luzatu den gerla honen jatorria? Espainian halakoak gertatzen dira, zer egingo zaio, baina bereziki geurekin! Badute sen demokratikoa, askatasun zaleen handitasuna; geu gara, ulertzeko motzak eta kaikuak garenak (ez ahaztu eurak nobelak idazten zihardutenean gu akerren uzkiak musukatzen ibiltzen ginela belazeetan). Hain gara motzak, ze ez baitugu jakin gatazkaren konponbidea uste baino gertuago zegoela. Eskari bat. Kito. Orain, ordea, borroka armatua amaitu denean, armak ematea besterik falta ez denean, arazoa beste bat da: beranduegi iritsi gara. Lastima! Begira askatasunaren trena, guretzako (Espainiak) bereziki prestatu eta atondu hura, badoa! Ahal izan genuenean, ez genuen egin, eta egin dugun honetan, nasa hutsik dago! Euskaldunok, beti motz, eta beti berandu.