Lau eta Erdiko Txapelketa
Abiaduraren arrakasta
1989. urtean, kaiolako txapelketa berrezarri zenean, lau pilotarik baino ez zuten parte hartu.
Jon ORMAZABAL
Aro moderno honetako 22. edizioan, normaltzat jo dezakegu igande honetan Bilboko Bizkaia pilotalekuan 3.000 lagun biltzea Lau eta Erdiko finala bertatik bertara ikusteko, baina inork gutxik espero zuen 1989. urtean, ETBren ekimenez, kaiolako txapelketa berriz ere antolatu zutenean, lehiaketa honek halako arrakasta izango zuenik.
1957. urtetik ospatu gabea zen lehiaketa berriz ere martxan ipini zutenean, garaiko enpresek ez zuten oso argi pilotazaleen erantzuna nolakoa izango zen, eta lau pilotariz osatutako lehiaketa ipini zuten martxan. Garaiko kronikek azaltzen dutenez, Elgetako afizionatu mailako lau eta erdiko txapelketaren emaitza onak bultzatu zituen nolabait enpresak, eta Julian Retegi, Ladis Galarza, Joxean Tolosa eta Martin Alustiza sartu zituzten esperimentu itxura zuen kaiolan 1989. urtean.
Egun Aspeko intendente lanetan diharduen Martin Alustizak gogoan du, sanmateotan antolatutako lau eta erdiko torneo bat irabazia zuen arren, ez zuela inondik inora espero halako txapelketa batean parte hartzea. «Hasiera batean, jokatzeko deitu zidatenean ezusteko handia hartu nuen, oso gutxi jokatuta bainengoen bai afizionatuetan eta bai profesionaletan. Enpresako partidaren bat edo beste bai, baina askorik ez eta gogo handiarekin hartu nuen. Galarzak, Tolosak, Retegik eta nik jokatu genuen eta nahiko polita irten zen».
Dena den, hemeroteka astinduz gero, nabarmena da orduko eta egungo jendearen erantzunaren artean milaka kilometrotako aldea dagoela. Aro modernoko lehen txapelketa horretako finalera garaiko bi pilotaririk garrantzitsuenak heldu ziren, Julian Retegi eta Ladis Galarza, Eratsungoak 22-6 irabazi zuen, baina partida hau ostiral iluntzean jokatu zen -sarrerak 2.500 pezetatan- eta berrehun bat inguru izan ziren Atano III.era bildu ziren pilotazaleak.
Aldaketa izugarria
Segurakoak bertatik bertara bizi izan du pilotak urte hauetan izan duen bilakaera eta beraiek jokatutakoa eta egungoa ia bi kirol desberdin direla iruditzen zaio. «Aldaketa izugarria izan da, gure partidak ikusten dituzu eta ematen du berrehun urte pasatu direla, ez hogei. Lehen dena botera jokatzen genuen, ahal zela arrastoa bilatu, tantoa luzatu eta arerioa nekatuz. Orain aldiz, erritmoa sartzera irteten dira pilotari guztiak, erremateak edozein lekutatik, abiadura bizian...», nabarmendu du.
Emandakoa bilakaera naturala izan dela iruditzen zaio gaur egun Aspen lanean diharduen pilotari ohiari eta egungo pilotarien maila eta kopuru izugarrian eta jokoaren abiaduran ipintzen du horren gakoa. «Jendeari iristen zaion joko klasea da lau eta erdikoa, gure garaikoetatik oso desberdina. Gaur egungo kirol guztietan abiadura nagusitu da eta pilotan ere hori bilatzen du orain jendeak».
Pilotazaleen oroimenean ondo gordetako partida gogoangarriak eman ditu lau eta erdikoak, nola ahaztu esaterako 1997ko Ogetako finala, Julian Retegik, 43 urterekin, bere kaiolako laugarren eta azken txapela janzteko, 17-21eko markagailuari buelta eman behar izan zionean Titinen aurka.
Baina esan bezala, lau eta erdikoaren sustraiak askoz ere zaharragoak dira, eta 1955. urtean Ogetak eta Barberito I.ak Bergaran jokatutako finala historiako onenetakotzat dute pilotazale askok. Errioxarra nagusitu zen 22-20 eta «Behingoz lau eta erdian bikain jokatzen ikusi ditugu» bezalako titularrak publikatu zituzten.
Miguel Gallastegi handiak ere ondo gogoan du berak ere lau eta erdian jokatu zuela. «Denera zortzi partida jokatu nituen, zazpi irabazi eta bakarra galdu nituelarik. Lehenengoa Txikito Iraetaren aurka 1942 edo 1943. urtean. Bergarako Tiburcio Gabilondok deitu zigun, herriko mojen aldeko jaialdi bat antolatu zuelako. Distantziarako egokienak aukeratzen ziren».
«Nik zortzi partida jokatu nituen lau eta erdian, zazpi irabazi eta bakarra galdu nituelarik. Lehen partida 1942 edo 1943. urtean izan zen, Bergarako mojen alde antolatutako jaialdi batean».
«Gure orduko partidak ikusten dituzu eta ematen du berrehun urte pasatu direla, aldaketa itzela izan da. Lehen dena botera jokatzen genuen, arrastoa bilatu eta tantoa luzatzera. Orain, berriz, erritmoa sartzera irteten dira pilotari guztiak».