Nafarroako Antzerki Eskola arriskuan dago
Nafarroako Antzerki Eskolak une zailak bizi ditu, eta nahiz eta bertan lan egiten dutenentzat gauza berria ez izan, egoera hain da larria, ezen 26 urte bete dituen egitasmoa bertan behera gera daitekeen konponbide bat aurkitzen ez badute. Finantzaketa eskasa eta irregularra da eskola honek duen arazo larriena, urtero Nafarroako Gobernuak eskaintzen dion diru kopuruaren zain egon behar baitu, eta horrek agintarien gogoaren edo testuinguru ekonomikoaren arabera ibiltzera derrigortzen du. Horiek hala, egun bizi dugun krisi ekonomikoaren karietara, eta Iruñeko Gobernuak onartu dituen murrizketen ondorioz, litekeena da aurrera jarraitzeko behar dituzten laguntzak ez jasotzea, eta hori gertatuko balitz, ateak itxi beharko litzateke. Nafarroako Antzerki Eskolak egiten duen lan kulturala, eta, zehazki, arte dramatikoaren esparruan egiten duen ekarpena, oso garrantzitsua da, eta horrela onartzen dute herrialde horretako eragile guztiek. Horregatik, ezinbestekoa da finantzaketa arazo horiei konponbide bat ematea.
Hori lortzeko, aukera desberdinak daude. Bertan eskaintzen diren ikasketek ofizialtasuna eskuratzea izan daiteke bat; eskolaren kudeaketa erdipublikoa izatea izan daiteke beste bat. Beste hamaika aukera egon daitezke, baina borondatea da ezer baino lehenago behar dena. Hain zuzen, Gobernuak erakutsi behar duena.