Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren historiak
Musikaren magia non hasten den jakitea ezinbestekoa da haren dohainak noraino iristen diren hausnartzeko. Baina magia baino gehiago gizakiak duen trebeziaz doinu itsaskorrak biribiltzeko esatea zuzen eta garbiago litzateke. Magia hitzak urardotu egin dezake musikaren esperientzia eta balioa. Magia hitzak desitxura dezake sormen ukitua. Magiak hutsaldu dezake pentsakizuna. Magiak ezerezean utz dezake gizabanakoaren pentsamenduaren indarra. Magiak ilusionismotik gehiago du errealitatetik baino.
Pentsamendu magikoak gizabanakoaren historia faltsutu egin du. Gizabanakoaren historia faltsutzearekin batera politika eta filosofia bera ere ataka berean geratu dira. Pentsamendu menperatzailearen magia denok itsutzea izan da, adorerik eduki ez dezagun errealitatearen benetako aztarnei begiratzeko. Magiaren botereak liluratuta, haluzinatuta uzten gaitu. Historiografia zapaltzaileak (eta horrekin elikatu gaituzte beti gure bizitzan zehar) berari aurka egingo ez dion historia idatzi du beti, ia beti (batzuetan herriaren memoriak azaldu duelako errealitatea beste modu batera idatz zitekeela, eskerrak).
Magiak mitoetara garamatza eta nork jar ditzake mitoak zalantzan? Musikaren magiak mito asko eragin ditu, baina aprobetxagarriena da mitoez paso egitea egunerokotasunaren errealitateak marraz dezan benetako irudia. Magia horiek apurtu ditu Elena Lopez Aguirre idazlearen «Historia del Rock Vasco» liburuak. 5.000 sarrera, argitaratutako diskoz disko eginiko hegaldi zehatza dakarkigu 654 orrialdeetan. Euskal Herriko musikaren historia xehetasunez gainezka. Entziklopedia mardula zein bikaina eta ezinbestekoa hemendik aurrerako ikerketa zein hausnarketarako, Euskal Herriko musika magiatik urrunduta.