GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka

Galeuscak bertze itun bat sortzeko une ona dela dio Xose Estevezek

Galizierazko Idazleen Elkarteko Xose Estevezek eta Euskal Idazleen Elkarteko Fito Rodriguezek bi kultura horiek eta kataluniarra elkartzen dituen Galeusca izeneko zubiaren balioa aldarrikatu dute.

Maider IANTZI | DURANGO

Batez ere Galiziako herritarrak bildu ziren atzo Azokan egindako Galeusca historikoaren eta literarioaren inguruko hitzaldira. «Gogoa zubi. L'ànima es pont. A vontade é ponte» zuen izenburua, zubia baita federazio hau, idazle katalan, galiziar eta euskaldunak babestu, sustatu eta ordezkatzen dituena. 1920ko hamarkadan sortu zuten Galeusca proiektua hiru herrietako indar nazionalistek, eta ordutik bide luzea egin du. 2008an birmoldatu egin zuten eta federazioa eratu. Fito Rodriguezek argitu zuenez, lehen bezala urtero bilerak egiten segitzea adostu zuten, eta gainera, izaera juridikoa eman zioten. Federazioari esker, hiru elkarteak -Associacion de Escritores en Lingua Galega (AELG), Euskal Idazleen Elkartea (EIE) eta Associació d'Escriptors en Llengua Catalana (AELC)- ordezkatuak daude Estatuko nahiz Europako edozein erakunderen aitzinean.

Xose Estevez Galiziako idazleen elkarteko ordezkaria da; ibilbide luzeko idazlea, kultur eragilea, historialaria eta irakaslea. 2008ko birmoldaketan parte hartu zuen, baita Galeuscaren bertze itun batzuetan ere, hitzarmen anitz izan baititu proiektu honek bere historian.

Diktadurek kolpatua

Estevezek gogora ekarri zuenez, 1923an elkartu ziren lehendabiziko aldiz hiru kulturak. Ordura arte harremanak aldebikoak izaten ziren; galiziarrak kataluniarrekin edo euskaldunak kataluniarrekin. Primo de Riveraren diktadurak eta 1936ko gerrak kolpatu zuen zubia. Sustatzaile batzuk -Lauaxeta, adibidez- hil egin zituzten eta bizirik gelditu zirenek erbestera ihes egin behar izan zuten.

Zubiari zutik eutsi zioten, ordea, eta Estevezek nabarmendu zuen orain momentu interesgarria dela Galeuscaren bertze itun bat egiteko, bertzeak bertze, Kongresu espainiarrean kataluniar, galiziar eta euskal diputatu anitz daudelako.

ERAGILE IZAN

Fito Rodriguezek Galeusca literarioa izan zuen mintzagai, 1984an Pobleten, Herrialde Katalanetan, sinatutako agiriarekin sortua. Txillardegik erran bezala, beharrezkotzat jo zuen mugimendu hau indartzea eta hizkuntzak garatzeko eragile izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo