Konponbide demokratikoaren aldeko mobilizazioak sostengu zabala lortu du
Aterabide demokratikoaren alde hainbat eragilek larunbaterako Baionan antolatu duten manifestaldiak lekuko alderdi, sindikatu eta mugimendu ugariren atxikimendua jaso du. CGT sindikatua eta Alderdi Komunista dira oraingoz gomitari uko egin dioten bakarrak.
A.B. | BAIONA
«Euskal Herria: konponbide demokratikoa orain!» lemapean larunbat arratsaldean Baionan iraganen den manifestaldiarekin bat egin dute hainbat eragilek azken egunotan.
LDH Giza Eskubideen Liga, Etxerat, Cimade, CDDHPB (Giza eskubideen komitea), Askatasuna, Anai Artea, Herriarekin, LAB, Solidaires eta CFDT osasungintza sindikatuak, Segi gazte mugimendua, Batasuna, NPA eta Abertzaleen Batasuna alderdiak osaturiko kolektiboak bultzatu zuen ekimena. Hamalau horiekin bat egin dute ondorengoek: Eusko Alkartasuna eta Euskal Herriko Berdeak alderdiak, Euskal Herriko CFDT , ELB, Lapurdiko trenbideetako CGT eta Biarritzeko CGT sindikatuak, eta CAR/EKB eta Autonomia Eraiki.
Hauetsien aldetik, mobilizazioaren aldeko sostengu anitz ere bada. Besteak beste, Marie-Christine Aragon Baiona-ekialdeko kontseilari orokorrak, Kotte Ecenarro Hendaiako kontseilari orokorrak, Alain Iriart Hiriburuko auzapez eta kontseilariak, Alice Leizagezahar, Monique de Marco eta Martine Alkorta Akitaniako kontseilariek, Christine Bessonart Senpereko auzapezak eta Mixel Etxebest Mauleko alkateak manifestaldian parte hartzera dei egin dute.
Aieteko Nazioarteko Konferentzian plazaratutako adierazpenarekiko atxikimendua berresteaz gain, orain arte deialdi horri ETAk soilik baikorki erantzun diola gogorarazi zuten hautetsiek.
Horrenbestez, bi estatuak mugitzeko garaia heldu dela nabarmendu zuten. Euskal Herriko hautetsi gisa, «frantziar eta espainol estatuei zuzentzen gara lehenbailehen modu baikor eta aktiboan parte har dezaten gatazkaren konponketan», galdegin zuten.
Lau puntu
Mobilizazioan parte hartzeko deia egiterakoan lau puntu nabarmendu zituzten hautetsiek. Preso politikoei dagokienez, eri daudenak askatzea, baldintzapean atera daitezkeenak askatzea eta horien bizi baldintzen hobetzea eskatu zuten prozesuan parte hartzeko aukera izan dezaten. Horrekin batera, legez kanporatuak izan diren erakunde eta alderdi politikoak legeztatuak izatea, errepresioa bukatzea eta biktima guztien adiskidetzea bultzatzea aldarrikatu zuten hautetsiek.
Manifestaldia sustatu duen kolektiboak, bestalde, mobilizazioa Euskal Herriak bizi duen gatazkari «aterabide integral bat atzeman eta prozesu demokratiko bat martxan ezartzeko helburuarekin» mugimendu zabal bat sortzeko asmoz bultzatu duela berretsi zuen. Aldarrikapen horrekin batera, frantses Estatuak gatazkan duen parte hartzea nabarmentzeko abiatu zuela gogora ekarri zuen.
«Gatazkan parte hartze zuzena izanik, konponbidean ere parte hartu beharko du, Euskal Herrian bake justu eta iraunkor bat izan dadin», azpimarratu zuen kolektiboak atzo helarazitako agiri batean.
Manifestaldia, izan ere, beren hitzetan, «trabaz beterik izanen den ibilbide luze» baten hasiera baizik ez da izanen. «Hortaz kontziente gara, baina aitzinatu nahi dugu, denekin eztabaidatuz. Berresten dugu alderdi politiko eta sindikatuekin biltzeko dugun gogoa», adierazi zuen.
Atxikimendu berriak lortzeko lekuko hainbat eragilerekin elkartu dela jakinarazi zuen kolektiboak.
Modem zentrista eta UMP eskuineko alderdiekin bildu dira, baita Parti de Gauche alderdiarekin ere, baina ez dute oraindik beraien jarrerari buruzko berririk eman.
CGT eta komunistak kanpo
Alderdi komunista eta CGT sindikatuaren Departamenduko taldeak, berriz, ez dutela mobilizazioan parte hartuko jakinarazi zuten. CGTk erabakia agiri baten bidez zabaldu zuen, eta, bertan bere arrazoien berri eman zuen.
«Gure ekintzak eta garapena, jatorria eta nazionalitatea kontuan hartu gabe, langile guztien interesean gizarte eta sindikal arloan kokatzen da. Manifestaldiaren testuak, berriz, ez ditu inondik ere aipatzen guri dagozkigun gaiak, euskal herritarren engaiamendu politikoa proposatu baizik ez du egiten», adierazi zuen CGTk bidalitako agirian. Halere, manifestaldiaren aldarrikapenekin bat egin zuen.
Konponbide demokratikoa aldarrikatzeko manifestaldian parte hartzeko hitzordua eman zuten antolatzaileek. Hain zuzen, datorren larunbatean arratsaldeko lauretan emana dute Baionako Euskaldunen Plazan.
Euroagindupean diren Aurore Martin eta Josu Esparza manifestaldian izanen direla-eta, «lehen urratsetarik bat, horien kontrako jazarpena berehala gelditzea» izan behar dela esan zuten antolatzaileek.