Hizkuntza normalizazioa bermatzeko eskatu dio IAk Jose Iribas sailburuari
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
Nafarroan hezkuntza publikoak hizkuntza normalizazioa berma dezan hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu zion atzo Ikasle Abertzaleak (IA) taldeak Hezkuntza sailburu Jose Iribasi, Departamentuaren erregistroan utzi zuten manifestu baten bidez.
IAko kideek azaldu zutenez, «ezinbestekotzat jotzen dugu pausoak ematen hastea gure herrialdeko normalizazio linguistikoa lortzeko, gaur egun hain gutxi bermatua dagoena. Gainera, egungo hezkuntza ereduak ez du aintzat hartzen ikasleon oinarrizko eskubideak eta ez zaio hezkuntza kolektibo honi sibjektu aktibo bezala jarduteko aukerarik ematen».
Horiek horrela, hiru hilabeteko epea eman diote IAko kideek Iribas sailburuari, neurriak hartzen has dadin eta publikoki helburu honen gainean zer iritzi duen adieraz dezan. «Horrela ez bada, epe muga hau igarota, ikasleok berriro mobilizazioetara bueltatuko gara beste hezkuntza eredu bat aldarrikatzeko: euskalduna, herritarra, parte hartzailea eta hezkidetzailea».
Azken hiruhileko honetan ikasleak aktiboki mobilizatu direla gogora ekarri zuten. Hala, Bigarren Hezkuntzakoek murrizketen aurka urriaren 27an egindako greba orokorra eta azaroaren 17an Nafarroako Gobernuaren hezkuntza politikaren kontra egin zen manifestazioa aipatu zituzten.