GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka

«Gerran galtzaile eta 1978an irabazle izan zirenek traizio egin diete eurenei»

p048_f02.jpg

Unai Iturriaga

«Udaberririk ankerrena» komikiaren gidoilaria

Bertsolari gisa da ezagun, baina hainbat kultur arlotan aritzen da Unai Iturriaga (Durango, 1974). Musikan 7 eskale eta Gu Ta Gutarrak taldeetan parte hartu du, «Berandu da gelditzeko» (Susa) liburua idatzi eta hainbat lan egin ditu telebista eta zinemarako gidoilari, baita komikigintzan ere.

Ane ARRUTI | DURANGO

«Udaberririk ankerrena» (Elkar) komikia aurkeztu berri du Unai Iturriagak. Gidoia egin du berak eta Alex Sanvik, marrazkiak. Mari eta Martin neba-arreba gaztetxoak ditu protagonista. Umezurtzak dira eta euren aitona Eleuteriorekin dabiltza bidez bide, frankisten esku dauden Gipuzkoako lurretatik artean oraindik errepublikar tropen esku dagoen Durangora. Bertan bizi da euren izeba bat. «Aitona, neure modu libre batean, Elgeta trikitilariaren bizitzan oinarritu dut. Garai batean, etxerik etxe, apopilo egoten zen irakasle egoten zen etxeetan».

Protagonistak gazteak dira; komikia ere gazteei zuzenduta dago?

Neurri batean. Komikia egiteko eskaria Durango 1936 elkartetik dator, gerran hildako eta desagertutako senitartekoen elkartetik. Euren asmoa hasieratik zen Durangaldean DBH daukaten eskola guztietan banatzea. Hala ere, nik idazteko orduan ez dut horrelakorik eduki buruan. Nire ustez, hamabi urtetik gorako irakurle bat heldu baten moduan tratatu behar da. Hau da, ez dago bereziki gazteei zuzenduta. Landuko dute eta publiko egoki bat da, batez ere, kontuan hartuta Durangon eta Durangaldean oso gutxi dakigula hemen gertatutakoari buruz, baina helduentzako komiki bat da.

Modu egokia iruditzen zaizu historia ezagutarazteko?

Harritu ninduen gaur egun komiki baterako gidoia eskatzeak, baina badirudi loraldi bat dagoela aurten. Bitarteko bat da, niri asko gustatzen zaidana eta, nire ustez, oso eraginkorra dena. Ez dut esango errazagoa denik liburu bat irakurtzea baino, ez nuke errazkeriarik nahi, baina jende batengana, irakurtzeko gogo edo ohitura handirik ez daukan jendearengana errazago sartzeko modu bat iruditzen zait. Ez nuke esango, hala ere, aitzakia bat denik istorio bat kontatzeko, beste modu bat da. Egin dira diskoak, egin dira liburuak, eta hau komikia da.

Hala ere, komikia ez da arrotza zuretzat.

Beti izan naiz zalea. Umetatik «Ipurbeltz»-ekin hazi naiz. Nik ere marrazten dut, zoritxarrez Sanvik baino dezente okerrago. Baina nire pasioetako bat da. Sanvirekin gainera «Xabiroi», Ikastolen Elkartearen komiki aldizkarian ere parte hartzen dut. Lan baten luzapen bat-edo izan da nolabait.

Ez zara animatu marraztera?

Badaukat oraindik ohore pixka bat... Ez daukat mailarik inondik inora. Oso marrazkilari ona da Sanvi.

Nolakoa da elkarlan hori? Nola idazten da komiki baterako gidoia?

Oinarrian literaturarekin baino lotura handiagoa dauka telebista edo zinemarekin. Nik idatzi egiten dut eta gutxi gorabehera binetak deskribatzen ditut. Baina kontuan hartu behar duzu orrialde osoa, konposizioa nolakoa izango den, eta askotan bi orrialdeak. Zineman asko erabiltzen da storyboard-a, horren antza dauka gehienbat. Hasieran erreparoa ematen du, baina askatzen zarenean oso lan polita da.

Liburuaren azken partean azalpen bat erantsi duzue, «Sortze bidaia» deiturikoa.

Hori propio egin genuen eskoletan banatuko zela pentsatuta. Azalpen txiki bat da, making off moduko bat. Askotan, `komikia' esaten denean, jendeak pentsatzen du lau zirriborro baino ez direla, eta itzelezko lana da. Batetik, gu biok bat egitea eta bestalde, marrazkilariak duen lan guztia. Hori erakutsi nahi genuen.

Zuek esana da Durangoko bonbardaketen berri, lehenengo aldiz, Martxoak 31 rock taldearen bitartez izan zenutela.

Bai, eta nik ez dakit gaur egungo gazteek zenbat dakiten. Imajinatzen dut gehiago jakingo dutela, azken hamar urte pasatxoan Berbaro, Kriskitin eta Gerediagaren eskutik urtero egiten da oroitze ekitaldia, publikatu da liburu bat, hainbat dokumental... Baina egia da, nik ez nekien Durango bonbardatua izan zenik. Ikastolan ikasi dut eta ez nuen horren berri. Oroitzapen ekitaldiak antolatzen hasi ginenean, denetariko erreakzioak sortu ziren. Oraindik garaiko jende asko bizirik zegoen eta askok esan digu: `Sasoia zen zerbait egiteko'. Gernikan mundu guztiak daki eta Durangon ez. Zergatik? Luze joango litzateke esplikatzea. Komikian pixka bat agertzen da hori, garaile eta galtzaile kontu horrengatik.

Gernika bakarrik zabaldu da.

Euskaldunontzat daukan sinbologiagatik eta neurri handi batean Picassori esker. Durango lehenago izan zen eta ez dakit ez ote zen jende gehiago hil. Han `espektakularragoa' izan zen. Ez dugu hemengo berri eta komiki honen asmoetako bat, azkenean, hori da. Ez dakigu, estali da, eta galdera garrantzitsua izango litzateke zergatik 1978tik hona ez den agertu. Zergatik hasi gara orain, lekuko asko eta asko joan direnean? Gerran galtzaile izan eta 1978tik aurrera irabazle izan zirenek erantzun beharko lukete galdera hori, baina itzelezko traizioa egin diote euren jendeari. Berandu da, gauza askotarako beranduegi.

Berangoko amona bati entzun nion: «Guk ez dugu kontatu, ez digutelako galdetu».

Baina nola galdetuko duzu, ez badakizu? Nik ulertzen dut eurei ez dietela galdetu eta garai batean ezin zela ezer esan. Uste dut bazela baita modu bat ondorengoei karga hori ez pasatzeko. Autodefentsa moduko bat zen etxe askotan. Baina egon da jende asko jakin duena eta niretzako larriena hori da. Sozialistak, PNVko jendea... zer esker txarrekoak izan diren euren jendearekin, komunistak eurak. Euskal Herrian eta Espainia mailan. Begira memoria historikoaren legea noiz etorri den. Sozialistak eurak gobernuan 82tik egon direnean; zer esker txarrekoak, demokrazia famatu horren izenean `España' defendatu dutenei, begira noiz hasi diren omen egiten. Hori itzelezko hanka-sartzea da.

Zein iturri erabili dituzu?

Etxean, aiton-amonak hilda daude, eta gure etxean adinarengatik ere, nire ingurukoak umeak ziren eta besteak nagusi gerrarako. Baina Durango 1936 elkarteak baditu hainbat testigantza grabazio jasota, orduak eta orduak. Jon Irazabalen eta Epi Garziaren laguntza izugarria jaso dut. Euren ikerketa sekulako laguntza izan da.

Euskal komikigintzaren loraldia ote da?

Durangoko Azokan beti izaten da komikiren bat edo beste. Aurtengo edizio honetan, Unai Iturriaga eta Alex Sanviren «Udaberririk ankerrena»-z gain, badira beste hainbat. Patxi Huarte Zaldieroak, esaterako, «De Rerum Natura»-ren laugarren liburua kaleratu du, zehazki komikia ez bada ere, «Berria» egunkarian argitaratutako tiren bilduma. Nafarroako Erresumaren azken egunetako historia kontatzen duen «1512, Nafarroa amets urratua» (Ikaselkar) aurkeztu berri dute Joseba Asiron eta Martintxok. Ataramiñek ere, aurtengo bere uztaren barruan, Borxa Urberuagaren «Espetxetik at!» komikia argitaratu du. Eta, nobedadea ez bada ere, Patxi Gallegoren «Pololoak 3» Elkarren standean dago oraindik. A.A.

ELGETA

«Komikian ez da ageri, baina nire buruan, modu libre batean, `Elgeta' trikitilariaren bizitzan oinarritu dut aitona. Garai batean, etxerik etxe, apopilo egoten zen irakasle aritzen zen etxeetan»

KOMIKIGINTZA

«Oinarrian literaturarekin baino lotura handiagoa dauka telebista edo zinemarekin. Hasieran erreparoa ematen du, baina askatzen zarenean oso lan polita da»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo