GARA > Idatzia > Kultura

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka

Denonartean argitaletxea, hamabi itzulpen lan Nafarroatik euskarara

A. BILBAO | DURANGO

Iaz sortutako argitaletxea da Denonartean, aurten Durangora hamabi liburu dakartzana; itzulpen lanak guzti-guztiak.

Eleberrien itzulpenekin aurkeztu zen etxeak arlo berriak jorratu eta bide berriak zabaldu ditu honakoan. Batetik, panfleto edo saiakera berriak eman ditu ezagutzera, eta bestetik poesiari ere heldu diote.

Arrakasta

Saiakeratxoen alorrean, Stephane Hessel agure gaztearen «Haserretu zaitezte!» arrakastatsua (hirugarren edizioa ikusi du jada), «bizi garen mundu bortitzean beste bide bat» ireki nahi duena, Inma Errea itzultzailearen ahotan; eta bide beretik egungo egoera hobeto ulertzen lagun dezakeen «Ekonomialari harrituen manifestua», hainbat ezohiko ekonomialarik idatzia, eta Daniel Rouleten «Ez duzu deus ikusi Fukushiman», energia nuklearraren aferaz mintzo dena, Pello Zubiriaren hitzaurre eta guzti.

Eleberrien alorrean, aipatzekoa da Mircea Catarescu errumaniarraren «Erruletazalea» -eleberri laburra-, eta Tolstoiren lan bat, «lur goseak hiltzen duen gizonaren istorioa kontatzen diguna»; «Zenbat lur behar ditu gizon batek», Elena Odriozolaren marrazki ederrekin.

Olerkiari dagokionez, Miguel Marti I Polen «Marta maitea» itzuli dute, eta edizio elebidunean argitaratu, euskara-katalanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo