Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka
Doinu berriak eta solas sakonak, isiluneak eta txaloak, Ahotsenean
Landakoren babesean erditzen da Ahotsenea. Aretoa erditik banatzen da, musika doinurik berrienei tartea eginez batetik, eta idazleen solasik sakonenak azaleratzeko bestetik. Altxor kutxa handi bat da Ahotsenea, ustekabez betea.
Anartz BILBAO
Anton Reixak esan omen zuen aurrekoan, «sorkuntza kulturala da herri txikiek historian biziraun dezaten duten ondarerik bikainena». Irekiera ekitaldian bota ei zituen hitzok, Azokak galiziarrak dituela-eta aurtengo kultur gonbidatu. Egun berean, eta Ahotsenearen jarduna kasik ixten, Ruper Ordorikak «ospakizun handi bat da [Azokaz mintzo zen], oso garrantzitsua euskaldunontzat» gogorarazten zuen, bere lehen Durangoratzeak gogoan, autostopez eginak.
Ahotsenea dugu ospakizun eta ondare horren guztiaren adibide. Landakoko eraikin nagusiaren itzalpean jarritako karpatik makina bat sortzaile pasatu dira egunotan, izan Igor Arzuaga eta Luis Vil, The Sparteens edo Basaki musikariak, izan Fernando Morillo, Daniel Landart edo Kepa Larrea idazleak. Eta oraindik makina bat lagunen bisita jasoko du gaur sortzaileen guneak: Estankona (12.00etan), Xipri Alberbide (12.30ean), Itziarren Semeak (13.30ean), Eñaut Etxamendi (14.00etan), Inoren Ero Ni (16.00etan)...
Aipatutako guztiei adi-adi dago egunotan Gotzon Barandiaran. Larrabetzuko idazleak, Ahotsenearen sustatzaile nagusietarikoa dugunak, «aurreko urteen aldean lan berri asko agertu dira, batez ere musika arloan», esan digu. Barandiaran harrituta dago, izan ere, «musika joera guztietako eta kalitate handiko taldeak izan ditugu, nahiz eta batzuen lanak, autoekoizpenak izatean, eskuratzen zailak izan». Eta literaturan ere, «aurkezpenak egin ahala ikusi da joera, sasoi eta gai ezberdinei buruz ari garela idazten». Ahotsenean, zuzen-zuzena delako, «musikak askoz jende gehiago erakartzen du», kanta bakarra entzutera bada ere. «Nortzuk dira hauek?» izan omen da itaun entzunena. «Eta literaturan ere, gogoeta gehiago egin beharra dago, baina oso solas mamitsuak izan dira».
Anai-arreba gaztetxoei buruz, Irudienea, Szenatokia, Kabi@... ere eman digu iritzia idazle gazteak. «Aspaldi darabilgun hausnarketa da kultur eragileon artean. Euskal kulturaren plaza bihurtu behar dugu Azoka, ez bakarrik disko eta liburuen saltoki. Argitu egin behar ditugu elkarlana eta auzolana kontzeptuak, askoz harantzago joateko».
Altxor txikiak noiznahi
Ahotsenea karpape zabal batek gordetzen du. Sartu eta ezkerretara areto zabal bat dugu, moketa gainean bi sofa beltz dituena. Bertan esertzen dira idazleak, Edorta Jimenezek gidatzen dituen solasaldien bidez beren lanak ezagutzera emateko. «Aurten gehien harritu nauena, egin ditugun irakurketetan sortu diren isiluneak izan dira. Esate baterako, Tere Irastortzak ozen irakurtzean, edo gaur goizean Inazio Mujika eta biok Leteri buruzko liburua aurkeztean. Horrek harritu nau izugarri, zer aurkituko duen jakin gabea Ahotseneara sartu den publikoaren isiltasunak; baita idazlea bizi-bizian entzun eta sortutako txalo zaparradak ere. Irakurleak eskertzen du idazlearen ahotsa», esan digu Jimenezek. Mundakarra hasieratik lanean den arren ez omen da nekatu. «Pozik nago, aurreko urteetan baino hobeto. Aipatu dudanez, jendearen atsegina sumatu dut, edertasunaren kontaktuan norberak hartzen duen atsegina -nahiz eta literatura gogorra izan eta sufrimendua aipatu, Leteren kasuan legez-». Literatura gozatzeko dela esan digun Jimenez hurrengo urtera begira ei dago jada. «Pauso bat aurretik egin behar du Ahotseneak beti. Nik abecedario berri bat proposatu dut, lehen lau letrak «A»-z hasten dituena: Ausardia (sortzeko), Askatasuna (hautatzeko), Atsegina (behin hautua eginda horrekin gozatzeko)... eta Auzolana». Aurtengo Ahotsenean ikusi omen da hori dena, «krisiaren garaian artistek apustu handiak egin dituzte, nabarmentzekoa». Beraz, nekeak ostiralerako uzten dituela esan eta agudo agurtu gaitu Edortak, galdeketarako Cano zain zuen-eta. «Esker oneko lana dugu».
Hala ere, jende saldo handiena eskuineko aldean pilatzen da Ahotseneako karpan, izan ere, bertan izaten dira musika ekitaldiak. Arlo musikalaren arduraduna Julen Azpitarte izan da aurten ere. Bermeoko kazetariak aitortu digunez, «idatzizko komunikabide mordo batean egiten dut lan, baina ez publikoaren aurrean, eta ez nago ohituta; arrotza dut eta artega izaten naiz. Beti dago tentsio puntua jende aurrekoetan». Eta lana nekagarria den arren -«egitarauaren gatibu zara» dio-, ematen du gustura dabilela. Egunotan entzun ahal izan dituenen artean, printzaren bat goraipatzera ausartu da, guk hala eskatuta. «Ikaragarri harritu nauena, gauzarik politena, borobilena, zirraragarriena eta onena, Bide Ertzeanek egin zuen kantua, beren ohiko diskurtsotik aldendutako power-pop kantu bat, Gerra Zibilari buruzko ipuin diskotik. Eta kasu Anai Arrebak taldeari ere, hasiberriak dira, rock elektroniko, afterpunk... ahotsak konbinatuz... zeresana emango dute aurrerantzean, ziur».
Atzo Xabier Lete izan zuen Ahotseneak protagonista, Joxeangel Arbelaitzek (kultur sustatzailea) eta Joxean Goikoetxeak (Lete lagundu zuen musikaria) lagunari eskaini dioten diskoa aurkeztu baitzuten goizean, eta oiartzuarraren biografia Inazio Mujika Iraola editoreak eguerdian.
Aurkezle eta sustatzaileez gain, Ahotsenea gauzatzeko teknikari multzo zabala du lanean Soinuederrek. «Bost egun hauetan hiru soinu teknikari, argi teknikari bat eta bideo teknikari bat, bi kamera, errealizadore bat eta ekoizle bat daude lanean». Zailtasuna «erlojuaren kontra aritzea da, arin egiten baitira aldaketak. Ahotseneak arau bakarra du-eta: sortzaile bakoitzeko ordu erdi. Eta saiatzen gara arin ibili eta artistari ahalik eta denbora gehiena ematen». Musikarien kasuan, rock emanaldi baterako oinarrizko ekipo bat prest dute teknikariek, «baina zailena guztiekin beharrizanak hitzartu eta soinu-probatxoak egitea da. Hala ere, beraien partetik asko jartzen dute». Lana, zalantzarik ez, nekagarria da, «Azokako beste edozein langilerentzat bezala. Baina polita, 85 emanaldirekin urtero ikusten dituzu kontu berriak, eta asko ikasten da».
Pozgarri eta pizgarri, indarberritu egiten du Ahotsenean aurki dezakegun ortzadar kulturalak, hunkitzeraino. Goizetik gauera, gazte eta zahar, moderno eta tradiziozko, otzan eta oldarkor, ozen eta gozo, karpara sartu eta aberatsago ateratzen da norbera Ahotseneatik. Eta Aitor Zuberogoitiari «Surf» lanean irakurri diogun aipuan legez, «nire kapela ondo hautsia egon dadila, tximistak barruan sar dakidazan (K. Veneno)»; belarriak zabal-zabalik agertzen da bertara ikus-entzulea, tximistorratz bihurtuta.