Andoni Olariaga | Filosofian lizentziatua
Askatasunaren paradoxak
Nietzschek europar kulturari egindako kritikatik atera zituen ondorioetakoa da askatasunaren paradoxa, instituzio demokratikoetan askatasuna erregulatu ondoren, moteldu eta jendearentzat askatasun pasiboa bihurtzen dela. Olariagak, paradoxa hori kontuan hartuta, eta gerraren apologiarik egin gabe, herri honetako garai berriari «eskuak zikin, arimak narras eta lumak zorrotz» aurre egin behar zaiola uste du.
Friedrich Nietzsche Prusian jaiotako alemaniarra (Röcken, 1844-1900) dugu XIX. mende bukaeran europar kulturari errepaso eta kritika zorrotzak egin zizkion pentsalaririk nabarmenetarikoa. Gure testuinguruan, urte dezente batzuk beranduago, Jon Mirandek Euskal Herriari aplikatu zizkion Nietzschek europar kulturari egindako kritikak eta isekak, Euskal Herria kristautasun moralaren pipiak jandako dekadentzian zegoela adieraziz. Nietzschek oro har Mendebaldeko kulturari eta, zehazkiago, kultura kristau eta alemaniarrari egin zizkion egokitzapenak ziren Miranderen kritikak.
Nietzscheren ikuspegia argia zen: Europaren morala artaldearen morala da. Zein da moral horren ezaugarri behinena? «Ella dice con obstinación e inflexibilidad: ¡yo soy la moral misma, y no hay ninguna otra moral» («Más allá del bien y del mal». 145. orrialdea). Moral hori ikusgarri egin duten espresio argienak instituzio politiko eta sozialak dira: hain zuzen, mugimendu demokratikoa, mugimendu kristauaren herentzia dena (sozialismoa eta anarkismoa bezala). Mugimendu demokratikoak zoriontasuna bilatzen du gizakiarentzat, deskantsuaren zoriontasuna, asebetetasunaren zoriontasuna, batasun finalaren zoriontasuna (historia bukatu da, klaseen arteko gatazkarik ez dago, guztiok berdinak gara...). Hau da, kristau hizkuntzan esateko, «el sábado de los sábados» (142).
Kritika horien guztien harira, Nietzsche ondorio gogor eta argi batera heldu zen: demokraziak gizakiaren dekadentzia dakar, gizakiaren espresio artistiko gorenen (musika, artea, filosofia, zientzia...) erdikoikeria eta bukaera. Demokraziak ekartzen duena da, hain zuzen, izpirituaren tentsioa desagertzea. Eta alderantziz, antitesiak eta gerrak bizitzaren estimulu eta xarma dira, eta haiek gabe izpirituak tentsioa eta sormena galtzen ditu. Hau da Nietzscherentzat gizakiaren dilemetako bat (beretzat hor dilemarik ez luke egon behar, noski): zoriontasuna (justizia eta askatasuna) versus handitasun estetikoa. Nietzscheri jarraitu dioten batzuek (Rortyk, sozialistek eta abarrek) lehena predikatu izan dute, gizakiaren instituzio eta sorkuntza guztiak zoriontasunera bideratuta egon behar direla (hura sustatzera) esanez. Aldiz, beste batzuek (elite kulturalek, eskrupulurik gabeko zientzialariek, eta abarrek) kolektiboen eta indibiduoen zoriontasunaren gainetik jarri izan dute giza sorkuntzaren handitasuna: gizakiak prest egon behar du zoriontasunaren prezioa ordaintzeko Sormen eta Kultura handiaren mesedetan.
Kontua hau da, hortaz: gerra eta tentsio gogorren garaietan -Nietzschek Borgiarren (Miguel Angel, Tiziano, Bosco eta Da Vinciren mezenas izan zirenak) eta Napoleonen garaiak jartzen ditu adibidetzat-, giza izpirituaren sormena loratu eta garai guztietako arte eta musika espresio gorenak iristen dira. Errenazimentua gertakari handia da gizakiaren historian Nietzscherentzat: gizakia garai hartan heltzen da gailur artistikora. Aldiz, Nietzscheren ustez betiere, batetik Luteroren erreformaren, eta bestetik, 1789ko Frantziako iraultzaren ondoren, Mendebaldeko dekadentziaren kausa den demokraziak gizakia mantsotu eta artaldeko ardi koxkorra bihurtzeko bidean jarri du. Tentsioak (gerrak, erreboltak, altxamenduak, borrokak...) desagertzean, hortaz, «en situaciones de mucha paz falta cada vez más la ocasión y la necesidad de educar nuestro propio sentimiento para el rigor y la dureza».
Nietzschek guzti horretatik ateratzen dituen ondorioetako bat askatasunaren paradoxa gogor bat da, esaldi honetan laburbiltzen dena: «las instituciones liberales dejan de ser liberales tan pronto como han sido alcanzadas». («Crepúsculo de los ídolos». 123). Hau da, askatasuna ez dago borrokaren bukaeran lortu den emaitzan (eskubideetan) edo askatasun hori lortzen den bukaera puntuan, baizik eta alderantziz, hura lortzeko egin den bidean, egin dugun bidean kostatu izan zaigun sakrifizio guzti horretan datza askatasuna, hain zuzen.
Askatasunaren paradoxa da instituzio demokratikoetan askatasuna erregulatzen denean, askatasuna gatibatu eta jendartean askatasun pasiboa sortzen dela; eta alderantziz, erregimen totalitario batean askatasuna guztiz debekatuta egoteagatik askatasun totala dagoela, askatasuna modu aktiboan eta erradikalean defendatzen eta praktikatzen baita. Gerra eta debeku garaian, Nietzscheri jarraituz, askatasuna bidean praktikatzen da, eta bide horretan imajinazioa eta sorkuntza bultzatu egiten dira, izpirituaren tentsioa gogortu eta gizakiak bere potentzialtasun guztia erakusten du. Orduan sortzen da Kultura (ez unibertsala, baizik eta Nietzscheren zentzuan). «Las mismas instituciones, mientras se brega por ellas, producen muy otros efectos; entonces promueven, en efecto, poderosamente la libertad. Bien mirado, es la guerra la que produce estos efectos; la guerra librada por instituciones liberales, que como guerra perpetúa los instintos antiliberales. Y la guerra educa para la libertad». («Crepúsculo de los ídolos». 121) Askatasun hori ez da goxoki bat, ikusten denez.
Dena den, Nietzschek kultura handia eta demokrazia guztiz bereizten ditu. Biak batera ezin dira gertatu. Izan ere, «para que haya arte, para que haya algún hacer y contemplar estéticos, resulta indispensable una condición fisiológica indispensable: la embriaguez [izpiritu dionisiakoa] (...) la embriaguez de la fiesta, de la rivalidad, de la pieza de virtuosismo, de la victoria, de todo movimiento extremado...». Eta horixe da, hain zuzen, gure herrian gerra eta tentsio garaiek ekarri dutena, kulturaren berpizkundea: «Gustatzen bazaigu eta ez bazaigu, ETA ez da ETA bakarrik. ETAren zikloa esan genezakeena egundoko aldagoitzar dramatikoa izan da gure historian, Euskal Herri zaharra politikoki nahiz kulturalki erroetaraino astindu eta eraldatu duena. Dena ez du ETAk egin, hainbat gauza momentuko ETAren aurka egin da zalantza gabe (...), baina, kulturalki bederen, ezer gutxi uler daiteke Euskal Herriaren bilakaeran ETArekin etorririko berritasunak gabe» (Joxe Azurmendi. «Txillardegiren ohorez: ETAren zikloa». «Berria». 2011-11-19). Artea (Oteiza, Txillida...), kultura eta musika (Ez dok hamairu, Rock Radical Vasco), filosofia (Txillardegi, Azurmendi, «Jakin»...), askatasunaren aldeko borrokalari handienetarikoak (Argala, Etxebarrieta...), eta abar, mugimendu kultural, politiko eta sozial handiak eferbeszentzia eta biolentzia zuzen eta estruktural oso gogorreko garaietan gertatu izan dira, ez dezagun ahantzi.
Orduan, tentsio baxuko garaietara bueltatuko garen honetan (ez demokraziara, ezta gutxiago ere), edo aspalditik bueltatuak garen honetan, mugimendu eta espresio kultural handiak itzali egiten dira, mantsotu, sorkuntza egon badagoen arren, ez baitira aurreko izpiritu indartsu berarekin jaiotzen. Hortaz, izpirituaren tentsioa, izpiritu demokratiko eta bakezalearen kontrakoa, behar-beharrezkoagoa bihurtzen da testuinguru honetan, sorkuntzaren loratzea ez eteteko. Ezinezkoa izango da loratze horri eustea Nietzschek kritikatzen zuen objektibismoaren pretentsioaren gaixotasunarekin jarraitzen bada: are gutxiago Max Weberrek deskribatu zigun jarrera mandarinean tematuz. Eskuak zikin, arimak narras eta lumak zorrotz, borroka dialektiko agonistikoen garaia izan beharko luke oraingoa (Nietzscheri jarraituz), ez lagunak egiteko garaia.
Idatzi hau ez da gerraren apologia bat (gerratxoena, asko jota), errealitatearen analisi bat baizik. Eta analisi honek, gizakiaren kontraesan bat agerian utzi nahi du. Hori besterik ez. Hori egiteko, politikariak gezur bat eraikitzeko egiak esaten dituen bezala, ni egia bat eraikitzeko gezur batzuez (muturreko adibideez) baliatu behar izan naiz. Ez dadila aurrekoa gaizki ulertu, beraz.