Julen MURGOITIO
Bestelako artxipelagoa
Akabo geografia klasikoa! Are gehiago, akabo klasikoak berak ere, apalategietatik kanpo behintzat! Oraingo modernitate berri honetan klasikoak ez du lekurik, kostaldeko herri batzuetako alardeetatik haratago. Tira, harira! plaken tektonika zen teoria hura apalategira bildu dute behin betiko, sitsen jakin eta jaki. Gaur eguneko kontinenteak monetak sortzen ditu, eta monetak zatitu ere. Beste kontua da zeinek sortzen duen moneta, batez ere birtuala. Akabo faila handien garaia; zentral nuklearren ingurukoak mantenduko balira sikiera! Europa kontinentea urratzen hasia da, han-hemenka tarrat eginez. Marx anaien kabina hartan kohesio gehiago zegoen Europako horretan baino, kontuak atera batasuna! Horko irla batzuk gero eta irlagoak dira egun, uharteak gero eta uharteagoak. Eraikitzaile batzuk pozez zoratzen egongo dira honezkero, irlak zenbat eta urrunago izan orduan eta tunelak luzeagoak behar, urpetik. Gainera, mendebalderanzko tunelak zulatzeko ekialdetiko langile merkeak ilaran ekarriko, Europako kohesioa ulertzeko modu aldrebesean. Ene, ene! etxea teilatutik egiten hasi izanaren ondorioak ari dira orain Europako kaleak betetzen. Teila den euroz egindako teilatuak oinarrizko zutabe sozial sendorik izan ez duen seinale. Seguruenik ere, ez zuten hori helburu Batasun zer horren diseinua egin zutenek. Europa gero eta gehiago da artxipelago, hondakin-urek bustitakoa. Zati batzuetan presio fiskala gora eta behera. Beste batzuetan fiskalen presioa. Konbergentzia aldarrikatzen dute erdialdeko batzuek periferiako besteon zorra arma hartuta. Txerriena datorkit burura: lehen apropos hil eta gero bere urdaiazpikoa sendatzen saiatu. Europan merkatuak lasaitzea helburu, kosta ahala kosta, gero merkatuek han-hemengo gobernuak hankaz gora utzi ditzaten, hauteskunde-sistema bera barregarri utziz.
Gaurko Europa artxipelagoak arrisku gehiago dauka, euroagatik, Ozeano Bareko artxipelagoak, klima aldaketagatik, baino. Hura euro-diziplinak ito dezake laster. Bestelako artxipelagoa behar dugu. Lekuan lekuko erreferenteen artxipelagoa. Demokrazia eta gobernantza ulertzeko bestelako moduak. Azokak indartu, merkatuak indargabetzeko. Altergunez osatutako artxipelagoa, txikitik handira, gertutik urrunera. Tunelik ez. Lurpeko arrokak failen esku baino izango ez diren artxipelagoa.